‘Hitz Adina Mintzo’ hizkuntza gutxituen zikloa martxan

Hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloaren 5. ikasturteak sei hizkuntza hurbilduko dizkigu: judu-espaniera, erromintxela, sorabiera, kriola, lakota eta nasa yuwea.

Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen zikloak bosgarren ikasturteari ekin dio. Irailaren 25an Itziar Idiazabal EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko ohorezko laguntzaileak inaugurazio hitzaldia eskainiko du Hizkuntza kooperazioa, zer da eta zer egin daiteke? izenpean 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Munduko hizkuntza aniztasunaren galera arazo edo gertakari linguistiko bezala aztertu izan da historian zehar. Gaur herrien hizkuntza eta kultura galtzeak haien garapena baldintzatzen duela ere badakigu. Euskaldunak gure hizkuntzaren biziberritze prozesuarekin batera ohartu gara beste herrietako hizkuntzek ere, eta bereziki gutxituek, aldeko jarrera eta ahalegina eskatzen dutela. Hizkuntza kooperazioak ahalegin horretan jarduteko aukera ematen du.

Urrian judu-espaniera hizkuntza erromanikoaz ekingo diote zikloari, Amelia Barquin MUko irakasle eta ikertzailearen eskutik.

Azaroan Oscar Vizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakariordeak erromintxela aurkeztuko du, Euskal Herrian jatorria daukan hizkuntza ahaztua.

2020ko urtarrilean Ivan Igartua EHUko irakasle eta hizkuntza eslabiarretan adituak Alemania ekialdeko sorabiera hurbilduko digu.

Otsailean, berriz, Wednesday Silva Ginea Bissaun jaiotako oñatiarrak, portugesetik eratorritako kriola.

Martxoan, Aitor Esteban politikariak Ipar Amerikako bosgarren hizkuntza erabiliena den lakotaren berri emango digu.

Amaitzeko, apirilean, Ane Ortega eta Arkaitz Zarraga Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kideek Kolonbiako nasa yuwea izango dute hizpide.

Aurten ere zikloa UEUren eskaintzaren barruan sartu da. Horiek horrela, parte hartzeko izena eman beharko da. Ziklo osoak 25 €ko prezioa du. Saio bakar batean parte hartzeko aukera ere egongo da.

Aurten ere zikloak EHUGarabide eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren babesa du.

Oihaneder Euskararen Etxeak 2015ean sortu zuen Hitz Adina Mintzo, Beñat Garaiorekin elkarlanean. Zikloak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea eta hizkuntza aniztasuna balorean jartzea eta ezagutaraztea du helburu. Bertan hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkezten dute. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain, hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egiten dira.

Zabaldu: