“Harrigarria izan da ikustea Korrikak gizartean eragiten duen pasioa”

21. Korrika amaituta balorazioa egiteko ordua heldu da. Asier Amondok, Korrikaren arduradunak, eta Mertxe Mugikak, AEKren Koordinatzaile Nagusiak, 21. Edizio honen lehendabiziko balorazioa egin dute, AEKren Artezkaritza Kontseiluarekin batera.

Amondoren hitzetan, “argiki ikusi den bezala, 21. Korrika oso arrakastatsua izan da, bai hiriburuetan eta baita eskualde jendetsuenetan, zein herri txikietan ere; Euskal Herri osoan, alegia, eta esan daiteke Korrika, euskararen aldeko ekimen erraldoia bezain eroa, dela Euskal Herriak gehien maite duen ekimena. Sekulakoa izan da azarotik, aurkeztu zenetik, eta azken hamaika egunetan, jaso duen babesa; oraindik ere harrigarria izan da ikustea Korrikak gizartean eragiten duen pasioa”. Hori dela eta, azpimarratu da edizio honek hazten jarraitu duela. Balorazio zehatzagoetan sartzeko garaia aurrerago iritsiko da, 22. Korrika erarik egokienean burutzeko asmoz, baina Amondok nabarmendu du parte hartzean eta jarraipenean gora egiten jarraitu duela, aurrekoak gaindituz.

Mertxe Mugikak bere aldetik, “arrakasta horren barruan gizartearen sektore berriarengana iritsi ahal izana dago”, nabarmendu du; esate baterako, orain arte zuzenki parte hartzen ez zuten gizarte-eragile batzuekin harreman sendoagoak izan dira edizio honetan, aktore gehiago azaltzen dira euskararen normalizazioaren aldeko jardunera. Izan ere, AEKren koordinatzaile Nagusiak azpimarratu duen bezala, Klika egitera gonbidatu duen 21. Korrikak utzi duen legatu nagusia izan da gizarte-eragileek, zeudenak eta gehitu direnak, hartu dituzten konpromisoak. Albaolako eta Bastidako ekitaldiekin abian jarritako Aro berriari klika ekimenak erakutsi du Korrikak argazkietatik urratsetara bidea urratu nahi izan duela. Norbanakoak, eragileak, eta erakundeak: eginez, eraginez, eginaraziz; Maialen Lujanbiok, lekuko barruko mezuaren egileak, adierazi duenez, euskarak egon behar du herri honen sistema eragilean.

Hori dela eta, AEKtik euskal gizarteari esan diote Korrika egiten jarraituko dutela, edizio berriak eta berrituak, Euskal Herriari Korrika tresna moduan eskainita, euskararen aldeko olatua handitzen jarraitzeko, euskararen normalizaziorako xedea erdiesteko.

Amaitzeko, AEKren Koordinatzaile Nagusiak gogora ekarri ditu AEKren eta Korrika beraren helburu nagusiak. Hori dela eta, adierazi du oso kezkagarria litzatekeela, xede horietan, 22. Korrika abian jartzea aurrerapauso esanguratsuak ezagutu gabe. Alde batetik, ezagutzaren unibertsalizazioa azkartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriekin nahiz heldu aroarekin; beste alde batetik, Euskal Herri osoko euskaltegiek eta herritarrek, euskara irakasteko eta ikasteko, jasotzen dituzten diru-bitartekoak direla eta, hazkundeak agerikoa izan behar du.

Nabarmendu dutenez, “ezinbestekoa da 22. edizioa bestelako baldintzetan egin ahal izatea”

Zabaldu: