(argazkia: Donostia Kultura)

‘Hau’ diseinu lehiaketan parte hartu duten proiektuak San Telmo Museoan ikusgai

Donostiako San Telmo Museoko gastro-kultura gunean ikusgai izango dira Lau lehiaketan parte hartu duten lanetako batzuk, horietako bat da, hain zuzen ere, Pedro Galdonen Desocupacion del cilindro salero proiektu saritua.

Lau lehiaketaren xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Horrela, alde batetik, ildo honetan ikerketa sustatzen da, eta honek usadioak eta ohiturak hein batean berreskuratzea ekar lezake; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begirada batetik. Bitamine Faktoria da egitasmoaren antolatzailea, bere arabera, “gure historiarekin lotura berriak sortzen dira eta baita diseinu alorrean ikerketa ildoak eta ekintza eremuak zabaldu ere”.

Bosgarren edizio honetan 27 proiektu jaso dira eta epaimahaiak oinarriek zehazten dituzten irizpideak aintzat hartuta, Pedro Galdonek aurkeztu duen Desocupación del cilindro salero proiektuari saria ematea erabaki du.

Epaimahaiaren ustez, trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi teknikoak, funtzionalak eta formalak. Artisau-manufaktura nabarmentzen da, pieza bakoitzari esklusibotasuna ematen diona, eta tradizioan inspirazio nabarmena proposatzen duen arren, euskal eskultura tradizionalari keinu argia eginez diseinua denboraz kanpokoa da, eta horrek luzaroan irautea ekarriko du. Bere ezaugarri nagusietako batzuk gaur egungo usadio eta ohituretara eguneratzen ditu. Arrazoi horiek guztiek proiektua baliozkotzen dute eta merkatuan modu jasangarrian sartzea bideragarri egiten dute”.

Irabazlearekin batera, aurkeztutako beste lan nabarmendu batzuk egongo dira ikusgai Donostian. Alde batetik, jatorrizko piezarekiko leialtasuna gordez, gatzontzia berrinterpretatzerakoan egindako ekarpenagatik epaimahaiak nabarmendu dituen proiektu finalistak: Harreman – Oier Bengoetxea, Jon Larrucea, Mark Zabaleta; Zain – Natale Armendariz, Ane Ozkoidi, Itziar Sanchez; eta Zorro-gatz – Pablo Alvarez, Adriana Gonzalez.

Hauekin batera, sorkuntza berriak egungo usadio eta ohituretara hurbiltzeko, gatzontzirako aplikazio moldagarriak imajinatzen egindako ahaleginagatik aukeratutako beste hauek: Eskana – Maite Txakartegi, Haizea Aranbarri, Karmele Olariaga; Errota – Saroa Azkarate, Ainhoa Maurolaglitia, Enara Lopez; Lauwood – Gaizka Basterrechea; eta Xalau – Naroa Chaves, Maialen Delgado, Elisabeth Perez.

Erakusketa irailaren 30era arte egongo da ikusgai San Telmo Museoko gastro-kultur gunean.

Zabaldu: