Larrotxene Bideoko ekoizpenak Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko dira, ekainaren 24an

Bideoaldirako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso beharko dira egunean bertan (11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00ra). Pertsona bakoitzeko gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira.

Urtero bezala, Donostiako Larrotxene Kultur Etxeak ikasturtean zehar egindako lanak Bideoaldian aurkeztuko ditu ekainaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Antzoki Zaharrean. 34 urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean martxan jarri zenetik eta dagoeneko 500 produkzio baino gehiago ekoitzi dira eta ehunka koprodukzioetan parte hartu du.

Donostia Kulturaren arabera, “2021-2022 ikasturtea normaltasunera itzultzearen urtea izan da Larrotxenen. Ikasleen segurtasuna bermatzeko ikasturtea unean uneko osasun-neurriekin hasi zen eta pixkanaka pandemia aurreko dinamika berreskuratzen joan da. Lana emankorra eta sormenez beterikoa izan da eta ikasturtean zehar landu diren hainbat generotako produkzioen aukeraketa ikusteko parada izango dugu”.

Pablo Maloren ikasleek, esaterako, Koadro goriari heldu film laburra zuzendu dute Zinema zuzendaritza ikastaroaren barruan; Andoni de Carlosek gidatutako Gidoigintza Hastapena ikastaroko ikasleek Plataforma eta Gauero film laburrak zuzendu dituzte; Michel Gaztanbidek zuzendutako Gidoi Aurreratua ikastaroko ikasleen Minus 64 kg eta Bonita lanak ikusi ahal izango dira; eta Koprodukzioen atalean Jone k. eta La carga film laburrak proiektatuko dira.

Antolakuntzak nabarmendu duenez, aurtengo ikastaroko lan guztiak euskaraz egin dira. Horren adibide da Bideoaldian izango den gaztelaniazko lan bakarra: La carga kopodukzioa. Gainerako guztiak euskaraz izango dira.

Oihua!

Larrotxene Bideok Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin kolaborazioak egin ohi ditu. Aurten Oihua! genero fantastikoko gidoien lehiaketaren bigarren edizioa ospatu da. Irabazleak aditu baten tutoretza eta Larrotxene Bideo inguruko baliabide materialak eta giza baliabideak ditu bere obra egiteko. Aurtengo pieza irabazlea, Azken partida, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean estreinatuko da.

Bideoaldirako sarrerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso beharko dira egunean bertan (11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00ra). Pertsona bakoitzeko gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira.

Zabaldu: