(argazkia: Gipuzkoako Aldundia)

Sormenaren kabia, zientzia eta natura uztartuko dituzten egonaldiak Alkizako Ur mara Museoan

Izen-ematea ekainaren 25era arte egongo da zabalik.

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakuntza artistikorako Sormenaren Kabia izeneko egoitzak aurkeztu dituzte, gaur Donostian. Azaldu dutenez, Alkizako Ur mara Museoan izango dira egonaldi hauek udan, eta astebeteko iraupena izango dute. Bakoitzean gai zehatz bat landuko dute eta hausnarketa eta sorkuntza-prozesuetan sakontzeko, hainbat zientzia alorretako adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte parte-hartzaileek.

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville artistak izango dira Sormenaren Kabia egonaldietako tutoreak. Ikasleei euren sormen prozesuan lagunduko diete, bakarka zein taldean ere.

Jauregik egonaldi bakoitzean gai bat landuko dela zehaztu du, “aurtengoak materia, paisaia eta espazioa izango dira”. Eskultorearen hitzetan, “Ur mara Museoa jakin-mina duen eta esperimentatu nahi duten pertsonentzako laborategi moduko bat izango da”.

Egonaldietan hainbat zientzia esparrutako adituek ere parte hartuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Lehenengo ekitaldian, esaterako, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dituzte. Horien laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnarketa eta sorkuntza-prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Artista alkizarrak, bestalde, jakinarazi du Juan Barbe papergile artisauak ere egonaldietan saio teoriko eta praktikoak eskainiko dituela. Barbe Ur mara Museoak bere ibilbidean zehar sortu duen familiako kideetako bat da.

Irekita dago izena emateko epea

Egonaldietan 18 urtetik gorako edoizenek parte hartu dezake. “Artea, natura eta erronka berriak maite dituzten pertsonentzat sekulako gozamena” izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Izena emateko epea irekita dago jada eta plaza guztiak agortu arte izango da inskribatzeko aukera. Edonola ere, izen-ematea ekainaren 25 baino lehenago egin beharko da.

Egonaldietan parte hartu nahi dutenek, Alkizan bertan ostatu hartzeko hainbat aukera izango dituzte. Ekimenari buruzko xehetasun guztiak www.fagus-alkiza.eus atarian eskuragarri daude.

Zabaldu: