Haurrentzako albumak sortzeko 2023ko Etxepare saria martxan da

Maiatzaren 5a izango da lanak aurkezteko azkenengo eguna, eta epaimahaiak ekainaren 29an jakinaraziko du erabakia.

Albumak sortzeko 2023ko Etxepare saria martxan da jada. Haurrei zuzendutako euskarazko lan ilustratuak (jatorrizkoak eta argitaratu gabeak) aurkeztu daitezke ekimenera, bakarka edo idazle-ilustratzaile taldea osatuz. Maiatzaren 5a izango da lanak aurkezteko azkenengo eguna, eta epaimahaiak ekainaren 29an jakinaraziko du erabakia.

Nafarroako hainbat udaletako euskara zerbitzuek eta mankomunitateek antolatzen dute urtero saria: Agoitz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Esteribar, Galar Zendea, Gares, Zizur Nagusi, Uharte, Tafalla, Iruñea eta Lizarrako Udalak; Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Irantzu Mankomunitatea eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea.

Proposamenak albumaren ezaugarriak izan beharko ditu, hau da, osagarriak diren irudi eta testu laburren bitartez, hari narratiboa duen istorio bat kontatu behar du. Formatua librea da, baina lanak ez dira 20 x 21 cm baino txikiagoak izango, eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izan beharko dituzte.

Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Sari bakarra emango dute, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen gisa. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz, eta argitalpenean Etxepare Sariaren aipamena egin beharko da.

Nafarroako toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izango zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an eta haur, gazte eta helduentzako literatura bi urtez saritu zuten, formatu horretan. 2006tik aurrera baina, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da.

Lehiaketan parte hartzeko albumaren maketa aurkeztu beharko da, etxeparesaria.eus webgunearen bitartez. Aholkatzen da fitxategiek 20 Mb baino gehiago ez izatea. Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete posta arrunt bidez epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

Lanaren bertsio inprimatua ere bidali ahal izango da, ohiko postaz. Oinarriak, hemen.

Zabaldu: