'Ilargiaren atzean' antzezlana (Iruñeko Udala)

Haurrentzako Antzerki Testuen XXXI. Lehiaketa abian da Iruñean

Lanak aurkezteko epea uztailaren 4an, 12:00etan, amaituko da.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak abian jarri dute Haurrentzako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketa. Lanak aurkezteko epea uztailaren 4an, 12:00etan, amaituko da. Lehiaketarako deialdia euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan egin da, eta 2.500 euroko sari bakarra emango da modalitate bakoitzean, lan irabazleak taularatzeko aukeraz gain. Epaimahaiaren epaia irailaren lehen astean emango da ezagutzera.

Lehiaketan 18 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkeztu ahal izango ditu, jatorrizkoak eta argitaragabeak, eta ezin izango du testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin dira aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek estreinatutakoak (profesionala izan zein ez) ere. Aurkeztutako antzezlanak umeentzako lanek izan ohi duten iraupena izan behar du.

Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira biblioteca@laescueladeteatro.com helbidera, eta Gaia eremuan honako hau idatzi beharko da: Haurrendako Antzerki-testuen XXXI. Lehiaketa. Postan bi fitxategi atxikiko dira: 1. fitxategiak, Testua izenarekin, izenburua, testua eta idazlearen izengoitia dituen PDF bat barne hartuko du; 2.fitxategiak, Plika izenarekin, honako hauek barne hartuko ditu: antzezlanaren izenburua eta izengoitia, egilearen curriculum laburra, goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefono adierazita, NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat aurkeztutako antzezlana jatorrizkoa eta argitaratu gabea dela eta lehiaketaren oinarriak onartzen dituela adierazten duena.

Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerki esparruko profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Saritutako lana Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko da, urtebetez, hura argitaratu edota antzezteko. Hortik aurrera, irabazleak testua erabili ahal izango du, betiere sariaren izena eta hori eman dioten erakundeak aipatzen baditu.

Zabaldu: