ETB3 ez itxi! lelopean, hainbat eragilek haurrei “edukiak euskaraz, uneoro eta modu unibertsalean” eskaintzeko eskaera egin diote gaur EITBri.
EITBk haurrentzako euskarazko katea (ETB3) emititzeari utzi zion martxoaren 18an. Haren lekuan ETB1ON katea agertu da telebistetan, eta bertan, ETB1eko hainbat edukiren errepikapenak eta zuzeneko saioak eskaini dituzte kate berriaren lehen egunetan zehar.
Donostian egin duten agerraldian, euskararen normalizazioari haurrentzako euskarazko telebista kate bakarraren desagerpenak kalte atzeraezina sor diezaiokela nabarmendu dute. Izan ere, “Makusi haurrentzako euskarazko doako plataforma gailu adimendunetan ikusgarri badago ere, Euskal Autonomia Erkidegoko etxeen ia % 40k, Eustaten 2025eko abenduko datuen arabera, ez du SmartTVrik, eta datua Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian antzekoa dela pentsa genezake. Gainera, Makusi plataformak 90.000 profil ditu Euskal Herrian, beraz, oraindik ere Euskal Herriko familia guztietara iristetik oso oso urrun dago”, adierazi dute.
Eragileen arabera, “merkatuan dauden Telebista adimendun asko ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin, beraz, SmartTVa duten etxe askotan ere ez dago haurrentzako plataforma ikusteko aukerarik, gaur gaurkoz. Are gehiago, DOS30 Estatu espainiarreko audientzien kontsultore espezializatuaren arabera, Estatuko 4 eta 12 urte bitarteko haurren % 43-62 artean telebista konbentzionala ikusten da. Horiek horrela, ETB3ren desagerpenak Euskal Herriko familia asko haurrentzako euskarazko katerik gabe utzi ditu. “Leiho bat itxi da euskararentzat”.
Gogoratu dutenez, “80. eta 90. hamarkadetan euskarazko marrazki bizidunak, garai hartan ETB1en ordu luzez, goizez zein arratsaldez, eskaintzen zirenak, funtsezkoak izan ziren belaunaldi oso bat euskalduntzeko”. ETB3ren itxierak “ataka larrian jarri ditu gailu adimendunetan marrazkiak ikusteko aukerarik edo ohiturarik ez duten milaka haur, izan ere, etxe horietan Boing, Clan, eta beste hainbat haurrentzako kate bihur daitezke eguneroko aukera bakarra”.
Plataforma digitalek aldaketak ekarri dituzte kontsumo ohituretan, eta euskarak ere horietara egokitu behar du, eta egokitzen ari da. “Litekeena da hemendik urte batzuetara telebista konbentzionala desagertzea ere, hori ez dugu zalantzan jartzen. Baina agerraldi honetan parte hartzen dugun eragileok ez dugu uste ETB3 ixteko momentua heldu denik”. Erabaki honek, “batetik, haurren hizkuntza eskubideetan zuzeneko eragina du, euskarazko kate unibertsal bat desagertzean euskarazko edukiak jasotzeko eskubidea mugatu baitzaie. Eta bestetik, euskararen normalizazioan azken urteotan egondako geldotze edo atzerapenak, euskararen leiho guztiak zabalik mantentzea eskatzen duelako, ez ditugun bakanak ixtea”.
ETB3ren itxierak “euskarari eta euskaldunoi kalte egiten digun moduan, gaztelerari eta frantsesari egiten dio mesede. Euskararekin betetzen ez dugun eremu bakoitza erdarek betetzen baitu”.
EITBko zuzendaritzak erabaki hau “euskalgintzako eta hezkuntzako eragileekin, EITBko sindikatuekin, eta soziolinguistikan aditu direnekin konpartitu eta kontrastatu gabe hartu du, egun batetik bestera ETB3ren itxiera iragarri eta gauzatuz, euskararen normalizazioan erabaki honek izan dezakeen eraginari buruzko inolako azterketa eta hausnarketa partekaturik burutu gabe”, diote.
Sinadura bilketa
Pantailak Euskarazek ETB3 ez itxi! lelopean ia 25.000 sinadura bildu ditu hamar eguneko epean. “Honek agerian uzten du gizarteak ez duela erabaki hau ulertu, eta hare gehiago, EITBren erabakiak euskal jendartean kezka eta ezinegon handia sortu duela”.
Beraz, “EITBri haurrentzako ETB3 katea ixteko bere erabakian atzera egin dezala, eta bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburuari lotu dadila eskatu nahi diogu, Euskal Herriko etxe guztietara haurrentzako euskarazko edukiak modu unibertsalean eta ordu oro iritsiko direla bermatuz”.
Eskaera Euskalgintzaren Kontseiluak, Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia plataformek, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Sortzen elkarteak, Taupak, Hezten taldeak, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek egin dute.