(argazkia: Haziberri)

Haziberri jaialdia antolatu dute uztailaren 12an Gernikan

Idoia Asurmendik, Izaro Andresek eta Eñaut Elorrietak osatuko dute 2022ko Haziberri jaialdiaren kartela. Kontzertua uztailaren 12an, asteartea, izango da, Europako Herrien parkean. 

Iaz, pandemia garai betean, Haziberri jaialdiaren lehen edizioa antolatu zen Gernikan. Antolakuntzarentzat “erronka berezia” izan zen eta ahalegin hartatik jasotako emaitzak politak izan zirela adierazi du: “iluntze/gau magiko bat, aparteko musika ikuskizuna Maren eta Gatiburekin, publikoaren berotasuna eta antolatzeko modu berriak aztertu eta martxan jarri genituen”.

Aurtengo kartela, berriz, Idoia Asurmendik, Izaro Andresek eta Eñaut Elorrietak osatuko dute. Antolatzaileen arabera, “arin esaten diren izenak dira, baina sekulako pisua daukate euskal musikagintzan. Eñaut, Izaro eta Idoia elkarlanean ibilitako musikariak dira. Hauxe da beraz gure aurtengo musika proposamena: hiru izen, hiru talde, hiru sortzaile euren ibilbide artistikoko momentu oso ezberdinetan”.

Zuzenekoa uztailaren 12an, asteartea, izango da Europako Herrien parkean, iazko leku berean. Ikus-entzuleen kopurua mugatuko dutela nabarmendu du antolakuntzak eta jesarrita egon beharko da kontzertuan zehar. Parkeko ondarea babesteko, birziklatutako materialak erabili eta bertako produktuekin egindako jateko zein edatekoak salduko dituzte. Sarrerak salgai daude jada www.haziberri.eus webgunean 25 euroren truke. Zehaztu dutenez, hilaren 12an euria egingo balu, kontzertua hurrengo egunera atzeratuko litzateke.

Zabaldu: