(argazkia: donostiakopiratak.eus)

[Bideoa] Hego Euskal Herriko hiriburuetako jai nagusiak bertan behera uzteko formak salatu dituzte hainbat eragilek

Euskal Herriko jai batzorde guztiak jai herrikoien alde antola daitezen ere animatu dituzte.

Iruñeko Peñen Federazioak,  Gasteizko Blusak eta Nesken Elkarteak, Donostiako Piratek, Bilboko Konpartsek, Herri Sanferminek eta Gasteizko Txosnek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jai nagusiak bertan behera uzteko formak salatu dituzte komunikatu bateratu baten bidez. “Osasun krisiak Euskal Herria eta mundua gogor kolpatu du. Datuen atzean mila istorio latz daude eta gure elkartasuna azaldu nahi diegu egoera honetan, moduren batean edo bestean, sufritzen ari direnei: ingurukoak galdu, lana galdu, edota lan baldintza kaxkarrak jasan behar izan dituztenei”, adierazi dute. Egoera gogor honetan balore batzuk indartuta atera direla diote, hala nola, elkar zaintza, herritarron saretzea eta osasuna eta bizitzak defendatzeko grina.

Herritarrek balore horien garrantziaz jabetzen joan diren bitartean, baina, beste batzuek erabakiak euren buruei begira hartzen aritu direla salatu dute, eta erabakiak inondik inora ere konpartitu gabe hartu dituztela. “Argi utzi nahi dugu ez garela erabakia bere horretan zalantzan jartzera sartuko, baizik eta erabakia hartzeko formak. Azken batean, erabaki hauek modu ez konpartituan eta aldebakarrez hartu dira. Horrela izanda, erabakiak balioa galtzen du guretzat”.

Eragileek baztertuak izan direla azpimarratu dute. Erabakiaren berri komunikabideei helarazi  baino minutu gutxi batzuk lehenago edo komunikabideetatik zuzenean jaso dituztela salatu dute, “udalekin etengabeko harremanetan egon garen arren eta hitz egiteko prestutasuna hasieratik erakutsi dugun arren. Beste behin ere jai herrikoiak bigarren planoan utzi dituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz”.

Horrekin batera, garai gogor hauetan jaiek herritarrei ematen dizkieten alaitasuna, kolorea eta kolektibotasuna inoiz baino gehiago beharrezkoak direla aldarrikatu dute. Guzti hori “modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta. Horregatik, Euskal Herriko jai batzorde guztiak jai herrikoien alde antola daitezen animatzen ditugu . Beti ere osasun eta segurtasun neurri guztiekin, modu berritzailean eskaintza eginez. Orain arte oztopo guztiei aurre egin badiegu, oraingoan ez gara gutxiago izango”.

Zabaldu: