‘Helmets’, June Cresporen erakusketa monografikoa Gasteizko Artium museoan ikusgai

Artistaren lanen inguruan museo batean egiten den lehen erakusketa monografikoa da. 2021eko maiatzaren 2ra arte bisitatu ahal izango da.

June Cresporen (Iruñea, 1982) ibilbide artistikoan ohikoak diren gaiak landu dituzte Beatriz Herraez eta Enrique Martinez komisarioek Helmets izeneko erakusketa monografiko honetan: aurretik zeuden formen irakurketa berriak lortzeko eraldaketa eta konbinazioak. Artistaren ibilbideko hainbat momentutako obrak dira, gehienak eskulturak, baina erakusketa honetarako propio sortutako pieza batzuk ere badaude. Helmets, Gasteizko Artium Museoan egongo da ikusgai 2021eko maiatzaren 2ra arte.

Crespok bere piezetan gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira bere artelanetan gehien erabiltzen dituen materialak. Beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen diren eskulturak eta irudiak.

Cresporen lanean konstanteak diren eta bere ekoizpena bricoleur delakoaren logikarekin identifikatzen duten jarduteko moduak ezagutzea ahalbidetzen du erakusketak: aurretik zeuden formak birkonfiguratzeko, konbinatzeko eta eraldatzeko prozesuen bidez, elementu eta irakurketa berriak proposatzen dira, objektuen eta irudien elkartzeko ahalmena areagotzen dutenak.

Erakusketa hainbat sailetan antolatu da, eta horien artean dago Helmets (2019), espazio guztiak egituratzen dituena eta proiektuari izena eman diona. Giza gorputza espresuki aipagai duen obra multzo bat da, ebaki, aldatu eta berriz mihiztatutako gorputz-adarren sekzioekin osatua.

Erakusketak formatu txikiko artelanen sail bat ere biltzen du, Instrumentos y fetiches (2017). Horiek egiteko, eguneroko objektuei egindako moldeetatik abiatu da eta, gero, molde horiek segmentatu, berriro elkartu eta brontzean urtu ditu. Sail berriagoetan, Voy, sí (2020) izenekoan, berriz, artistak material erabilgarriak jartzen ditu lehen planoan, argizaria edo eskaiola, esate baterako, beste ekoizpen batzuetan azken emaitzatik desagertzen direnak. Bestetik, erakusketa hartzen duen A1 Aretoko arkitekturarekin elkarrizketa bilatzen du No Osso (occipital) (2020) sailean, aretoko hormak zeharkatzen dituen obren bidez.

Zabaldu: