‘Hitzak Hots’: bost emakume poetaren ahots musikatua liburu-DVDan

Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren ahotsak musikatu ditu Antton Valverdek.

Antton Valverde musikariak Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia musikatu zituen iazko abenduan Txillida Lekun eskaini zuen ikuskizunerako. Orain, bildutako uzta liburu eta DVD formatuetan jaso du Pamiela argitaletxeak, Hitzak Hots izenburupean. Gaur aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Liburuaren fitxan, Anjel Lertxundi idazleak lanaren nondik norakoak azaltzen ditu. DVDan berriz, 2019ko abenduaren 18an Txillida Lekun egin zen emanaldia jasotzen da.

“Zergatik musikatu da emaku­mezkoen hain testu gutxi euskal kantagintzan?”, Orain dela pare bat urte galdera horixe egin zioten elkarri Valverdek eta Lertxundik. Hortik abiatuta, lanean hasi ziren biak, galderari erantzuteko modu aktibo batean. “Emakumezko poeta batzuk aipatu nizkion, liburu batzuk ere bai aholkatu eta liburue­tako poema batzuk seinalatu. Hortik abiatuta, Anttonek bere aukeraketa egin zuen poema gustukoenekin, bere musikara egokitzen zirenekin”, azaldu du Lertxundik. Ordutik, gaur entzungo ditugun zortzi poemek bi musika dituzte: poeta bakoitzak bere garaian eman ziena eta Valverderena.

Hala, bost poetika, bost ikuskera eta zortzi poema, eta haiekin sortutako zortzi kantu jasotzen ditu argitalpen berriak. “Bost poeta, zortzi poema, musikari bat, zortzi kantu. Euskal konpas ezagunean bezala, zortziko bat osatzen du kontzertuak: 5/8”, adierazi dute aurkezpenean.

 

Zabaldu: