Eskolarteko txapelketako ibilbidetik, plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 22 urtera arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.
Bertsularien Lagunak elkarteak Hernandorena bertsolari gazteen sariketa aurkeztu du. Bi urtez behin egiten duten sariketa da eta 16 eta 22 urte arteko Euskal Herri guztiko hamabi bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Teodoro Hernandorena, sortzez Zizurkildarra Donibane Lohizunera etorri zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, “gure hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean”, azaldu dute elkarteko kideek. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsolariak Euskal Herriko plazetara atera zituena. “Haren omenez, eta Euskal Herri osoko bertsolari gazteak gonbidatuz, antolatu dugun sariketari Hernandorena izena eman diogu”.
Eskolarteko txapelketako ibilbidetik, plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 22 urtera arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.
Aurtengo edizioak hiru saio izango ditu: apirilaren 20an Irisarriko Gure Doia ostatuan eta apirilaren 27an Hendaiako Baleak elkartean. Saio hauek 19:00etan hasiko dira. Finala maiatzaren 11an (Herri Urrats egunaren bezperan) Senpereko Larraldean izango da 19:00etan. Saio guztietan jatekoa eta edatekoa izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Amaitzeko, Hernandorena sariketaren irudia berriturik dator aurtengoan. Mari Campistron aldudarrak sortu du irudi berria.