Hernaniko I. Liburu Azoka egingo dute etzi

“Euskaraz egindako liburuak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaini nahi dugu. Euskal Herriko liburugintzaren ekoizpena ezagutzera eman, euskal kultura sustatuz eta indartuz”.

Dobera Euskara Elkarteak Hernaniko I. Liburu Azoka antolatu du larunbaterako, Hernaniko Udal Liburutegia eta Kultur Sailarekin elkarlanean. Elkarteko kideek adierazi dutenez, “azokari esker, euskaraz egindako liburuak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera eskaini nahi dugu. Euskal Herriko liburugintzaren ekoizpena ezagutzera eman, euskal kultura sustatuz eta indartuz”. Hori horrela, Hernaniko I. Liburu Azokan euskarazko liburuak soilik jarri ahal izango dira salgai.

Azokak goizeko 10:30ean irekiko dira ateak Hernaniko Atsegindegi plazan eta 14:00etan itxiko ditu. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Hauxe izango da azokaren antolaketa:

Argitaletxe/ekoizleek jarritako hamabi postu egongo dira ikusgai: Alberdania, Dobera Euskara Elkartea, Elkar, Harriet Ediciones, Erein, Hernani Errotzen – Nabarralde, Igela, Markel Oiarzabal, Pamiela, Susa, Ttarttalo eta Txalaparta.

Bestalde, postuetan ere hainbat egile egongo dira liburuak sinatzen: Markel Oiarzabal (Amaia-gidoi liburua), Elena Martinez (Egun gorrietan), Ainara Azpiazu Axpi (Foixeko Katalina / Basoan barna), Goizane Aizpurua (Izarak), Yurre Ugarte (Lilurabera), Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz (Gure faunari eta florari begira – 1/Ornodunak), Unai Elorriaga eta Alex Orbe (Jarraitu inurriari), Juan Kruz Igerabide (Doneaneko alaba), Ana Malagon (Ez dakit zertaz ari zaren).

Bizi dugun osasun-egoera kontuan hartuz, antolakuntzak hainbat neurri hartu ditu “guztion segurtasuna eta babesa bermatzeko: gel hidroalkoholikoaren erabilera, musukoaren erabilera…”. Edukiera ere mugatua izango dela azpimarratu du.

Zabaldu: