Aurtengoan ere azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina.
Hernani Euskal Herriko komikilarien eta komikizaleen topagunea izango da ostiralean eta larunbatean, hilak 17 eta 18. Euskarazko komikigintza erdigunean jartzeko asmoz sortu zuen iaz Hernaniko Udalak azoka hau, udal liburutegiaren bultzadarekin, “euskara hutsezko komikigintzari eskainitako azoka bakarra da Euskal Herri mailan”, nabarmendu dute.
“Iaz hasi ginen azoka honekin, komikiari ikusgarritasuna emateko asmoz”, azaldu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak. “HernaniKomik egonkortzea nahiko genuke, urteroko zita bihurtzea”.
Mikel Begoña komikigileak azaldu duenez, “komikiaren eragile ezberdinak auzolanean ibili gara hau guztia antolatzen. Jaialdi honek daukan balio inportante bat da euskal komiki munduak daukan aniztasuna kontuan hartuz zubiak eraikitzen dituela eragile ezberdinen artean”.
Hala, aurtengoan ere azoka eta komiki aurkezpenak izango dira HernaniKomiken muina. Euskal komikigintzaren nobedadeen erakusleihoa izango da Atsegindegi plazan hilaren ostiralean eta larunbatean. Egun osoko azoka izango da bi egunetan eta hamar postu egongo dira bertan: Ataramiñe; Denonartean; Dobera; Elkar; Harriet; Hernani Errotzen; Herrima; Gaueko; Sare antifaxista; Xabiroi-Ikastolen Elkartea; Udalbiltza eta UNRWA Euskadi.
Bestalde, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira, egileen presentziarekin. Tartean, sortzaile hernaniarrek ere parte hartuko dute.
Ikasleentzako komiki-tailerra ere zuzenduko du Ainara Azpiaxu Axpi-k, Hernaniko Institutuko DBH 2. mailako ikasleekin. Zuzenean marrazteko saioak ere izango dira.
Aurtengo kartela Jon Zabaleta hernaniarrak egin du.
Joseph Camino saria Juan Luis Landarentzat
Komikigintzan egindako ibilbidea aitortzeko Joseph Camino saria Juan Luis Landa komikigile errenteriarrak jasoko du aurtengoan. Landak 40 urteko ibilbidea egin du komikigintzan eta Ipurbeltz, Gabai edota Irati gisako komiki ezagunen atzean dago. Komikigintzaz gain, ilustrazio eta marrazki bizidunen munduan ere aritutakoa da.
Gainera, aurten nobedade gisa, hilaren 17tik 30era bitartean, Landaren lanen erakusketa ikusgai izango da Biteri Kultur Etxean. Era berean, bere Orreagako kronikak abiapuntu hartuta, udal liburutegian komiki-erakusketa bat atonduko da, Wasconicam perfidiam, Orreagako guduaren inguruan marraztu diren lanak biltzeko.
Egitaraua:
Azaroak 17, ostirala:
11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.
11:30: Komiki tailerra ikasleentzat.
17:00: IV. Komiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera elkartea).
17:30: Komiki aurkezpena: Surflaria (Uxue Alberdi eta Susanna Martin).
18:00: Komiki aurkezpena: Hiru etxe Santa Monikan (Mikel Begoña eta Iñaket).
18:30: Komiki aurkezpena: Manga euskaraz (Iñaki Otamendi, Aritz Amillategi eta Koro Muro).
19:00: Komiki aurkezpena: Ño! (Maitane Gartziandia eta Eli Pagola).
Azaroak 18, larunbata:
11:00-14:30/17:00-20:00: Komiki azoka.
12:00: Joseph Camino saria: Juan Luis Landa.
13:00: Dzirt-dzart saioa: zuzenean marraztuz. Unai Gaztelumendi eta Irati FG.
17:00: Komiki aurkezpena: Iker eta Ixone (Gregorio Muro).
17:30: Komiki aurkezpena: Elur gorrituaren egunak (Amaia Telleria eta Laida Ruiz).
18:00: Komiki aurkezpena: Artxipelagoa (Martin eta Xabier Etxeberria, eta Sanvi).
18:30: Komiki aurkezpena: Gora Euskal Herrientsak! (Asisko Urmeneta).
19:00: Komiki aurkezpena: Memoriaren ibaia (Juan Luis Zabala eta Mattin).
Azaroak 17-30:
Erakusketa: Juan Luis Landaren lanak (Biteri Kultur Etxean).