(argazkia: @LabIkastolak)

Herri Urratseko antolatzaileek elkartasunerako deia egin dute

Euri-jasek Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolen aldeko bestaren formatua murriztera eraman dute antolatzaileak eta galerei aurre egiteko ekarpen ekonomikoak egiteko bideak zabaldu dituzte.

Uholdeen ondorioz, Herri Urrats jaiaren 40. edizioa ezin izango zutela ohiko formatuan ospatu iragarri zuen larunbatean antolakuntzak. “Ekaitz erauntsiak Herri Urrats ospatzeko geneukan ametsa zapuztu du. Aurten ezin izan dugu Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolen aldeko jai erraldoia Senpereko lakuaren inguruan ospatu. Eta besta bere handitasun osoan ezin ospatze horrek milaka euroko galera ekonomikoa ekarri dio Seaskari”, adierazi dute.

Jaia bertan behera utzi beharrean, gune bakar batera mugatzea erabaki zuen antolakuntzak, bertan Su Ta Gar, aurtengo kantaren sortzailea, eta Zetak taldeak igo ziren atzo oholtzara, besteak beste. “Nahiz eta gaur Herri Urrats mugatu bat ospatu dugun, bildutako diruarekin ezinezkoa izango zaigu jaiak berak sorturiko gastuei eta Seaskak dituen beharrizan handiei aurre egitea. Hori dela-eta, deialdi zabal bat egiten diogu euskal jendarte osoari, Seaskari eta Ipar Euskal Herrian euskara ikasteko hautua egiten duen proiektuari aurrera egiten laguntzeko”. Horretarako, ekarpen ekonomikoak egiteko bideak zabaldu dituzte. Honako hauek dira:

herriurrats.eus/denda webgunean sartuta eta materiala erosita.

Bizum bidez (Hego Euskal Herrian soilik). Dohaintzak egiteko atalera sartuta, bilatzailean Herri Urrats idatzita eta ekarpen ekonomikoa eginda.

Honako kontu korronte hauetan dirua sartuta:

-Caisse d’épargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819

-Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197

-Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332

-Crédit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107

herriurrats.eus/laguntza atalean sartu eta PayPal sistema erabilita.

Euskaraz bizitzen eta ikasten jarraitu nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta “badakigu denon artean errealitate horretara iristea lortuko dugula. Ekaitzak ez ditzan Herri Urrats eta euskara Iparraldean ito, egin dezagun elkartasun uholdea!”.

Zabaldu: