Sarrerak salgai daude jada www.hertzainak.eus webgunean.
Abenduaren 16ko kontzerturako sarrera guztiak agortu ondoren, abenduaren 17an bigarren kontzertu bat eskainiko du taldeak Barakaldoko BECen. Taldekideek adierazi dutenez, “ez dugu inor kanpo utzi nahi, ez dugu inor agurtu barik utzi gura”.
Hirukoak pasa den astean iragarri zuen bi kontzertu emango zituela, Azkena Gure Alde izeneko biraren barruan: Barakaldoko BECen abenduaren 16an, eta Gasteizen, oraindik zehaztu ez duten espazio batean, datorren urteko urtarrilean.
Pasa den astean zehaztu zutenez emanaldietarako, hainbat musikarik parte hartuko dute bai Hertzainaken emanaldien aurretik bai bitartean.
Abenduaren 17ko zuzenekorako sarrerak salgai daude jada www.hertzainak.eus webgunean.
2019ko kontzertuen ostean, zale gehiagorekin partekatzeko gogoa
Hiru urte pasa dira Josu Zabala eta Iñaki Garitaonaindia Gari Hertzainak taldeko abestiak berriro jotzeko elkartu eta Bilboko Kafe Antzokiko eta Euskalduna Jauregiko oholtzetara igo zirela. Harrera bikaina izan zuten eta handik eta gutxira zuzeneko diskoa ere argitaratu zuten. Publikoa eta beraien artean komunikazio itzela sortu zela nabarmendu zuten orduan eta horren ondorio izan zen kaleratutako disko hura.
Kontzertu horiek sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa piztu zitzaien bi musikariei eta handik eta gutxira zuzeneko gehiago iragarri bazituzten ere, pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu ziren. Taldeak adierazi duenez, “2019ko kontzertuak nostalgiarik gabe, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bagenituen, mundua inarrosi zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoaz eskainiko ditugu Hertzainaken kantak.
Orain taldearen 40. urteurrenarekin bat eginez, Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar dutela nabarmendu dute. “Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu bai Hertzainaken zaleek bai guk. Egin dezagun azkena gure alde”, adierazi du taldeak.
2019ko kontzertuekin alderatuta, emanaldi hauek are bereziagoak izango dira taldearentzat, izan ere, Zabala eta Gari ez dira bakarrik igoko taula gainera, Luis Javier Saiz Txanpi hasieratik taldearen bateria izan zena ere bertan izango da.