Ahize-AEK-k bertan aurkeztuko du #Damolat unitate didaktikoa. Proiektuaren helburua da hirigunetako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa bultzatzea.
Hiriguneetako gazteez eta euskarazko kulturaz hausnartuko dute abenduaren 2an Barakaldon, Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldian. Ahize-AEK-k bertan aurkeztuko du #Damolat unitate didaktikoa. Proiektuaren helburua da “hirigunetako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa bultzatzea”. Horretarako unitate didaktikoa diseinatu dute, eta behin jardunaldietan aurkeztuta, materiala doan jarriko zaie eskuragarri euskarazko kultura gazteen artean sustatzen diharduten eragileei: irakasleei, euskara zein kultura teknikariei, gazte teknikariei, erakundeei, gaztetxeei…
Unitate didaktikoaren lanketa Ahize-AEK aholkularitza zerbitzuak egin du eta Ikastolen Elkartea ari da diseinu lanak egiten. Jardunaldia ere eurek antolatu dute, erakunde publikoen babesarekin.
Ertzetatik euskara eta euskarazko kultura sustatu
Igo bolumena! jardunaldiak helburu argi bat izango duela adierazi du AEK-k: “euskararen erdigunetik urrun egon daitezkeen eremuetako gazteen inguruan hausnarketa egitea. Euskararen ertzean dauden horiei euskarazko kultura ikusgarri egiteko gakoak zein izan daitezkeen bilatzea, hain zuzen”. Horregatik Ahize-AEK-ko aholkulari eta proiektuaren arduradun Naroa Jauregizuriak euskarari eta euskarazko kulturari bolumena igo behar zaiola defendatu du: “Bilbo Handian, jende asko euskararen ertzetan bizi da euskararen mundua alboan izan arren; ikusezina, entzunezina, sentiezina edo oso lausoa zaio, eta proiektu honen bidez kanalak topatu eta eraiki nahi ditugu euskararen bolumena igotzeko”.
Jardunaldietan ertz ugari landuko dira. Eduardo Apodaka eta Irati Agirreazkuenaga EHUko ikerlariek, hasteko, marko orokorrean kokatuko dute gazteak eta periferia zer den definituz; Iratxe Retolaza EHUko ikerlariak, bestalde, hezkuntza sistemaren erronkak non dauden kokatuko du, eta ondoren, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako hezkuntza sistemako ordezkari banak gogoeta partekatua egingo dute.
#Damolat unitate didaktikoa aurkeztuko dute ostera Ahize-AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Horrekin batera, gazteen artean euskarazko kultura transmititzeko lan egiten duten proiektu gehiagoren berri ere emango da. Ertzetako gazte sortzaileek ere euren ikuspegia plazaratuko dute. Bertan izango dira Beñat Rodrigo Kiliki Fresko musikaria, Iholdi Beristain abeslari eta aktorea, eta Sara Nieto abeslari eta aktorea.
Jardunaldiak amaitzeko, ikasleen kultura eta hizkuntza identitateak izan duen bilakaeraren berri emango dute Letizia Garcia Mondragon Unibertsitateko ikerlariak eta Itsaso Junquera Huhezi irakasle eskolako irakasleak. Azkenik, irakaskuntzaren arlotik hausnarketa kritikoa bultzatuko da.
Izen ematea
Azaroaren 26ra arte egongo da zabalik izen ematea, doan,helbide honetan
Informazio gehiago jardunaldiaren blogean.