Nisa Goiburu artista Arteuparte galerian, aurreko astean (argazkia: Aitor Azurki)

Historiak baztertutako emakume artista lehen lerrora

Nisa Goiburu euskal margolari eta eskultoreak Donostiako Arteuparte galerian solasaldi performatibo bat eskainiko du bihar, 19:30ean, Aitor Azurki kazetariarekin batera. Artista ahaztu honek mende erdi bat baino gehiagoko ibilbidea du egina: GAUR taldearen inguruan hasi zen 1966an, Oteizaren eta Basterretxearen laguna izan zen eta erakusketak antolatu zituen Japonia, Ameriketako Estatu Batuak, Ingalaterra edo Frantziako galerietan. 

Euskal artearen historian haize berria sartu eta zabaldu da ibilbide luzeko emakumeak gehitu ahala. Horietako bat dugu Nisa Goiburu (Ordizia, 1946) margolari, eskultore eta poeta. Izan ere, bere Tolosako tailer-estudioan lanean jarraitzen du. Hori dela kausa, ostiralean, otsailak 16, 19:30ean, Goiburu izango da protagonista Donostiako Arteuparte galeriaren formatu berritzaileko solasaldi performatiboan. Hain zuzen ere, galeriak emanaldia antolatu du bere urteko jardueren egutegiaren irekiera gisa.

Paul Lataburu Arteuparteko galerista eta ekitaldiaren antolatzailearen hitzetan, “Nisa Goiburu diziplina anitzeko artista dugu, ibilbide sendoa, nekaezina eta nazioartekoa du, eta horregatik, bere ibilbide artistikoa bertatik bertara ezagutu nahi izan dugu, batez ere kontuan hartuta bere lehen erakusketa 1966an izan zela, GAUR talde historikoaren inguruan. Orduan berak 20 urte besterik ez zituen, eta oraindik orain jardunean jarraitzen du. Hortaz, luxua izango da hura entzutea, euskal artearentzat garai historiko baten azken erreferente eta protagonista baita”.

Solasaldi performatiboa, zehazki, ekitaldi “berezi eta berritzailea” izango da; izan ere, ordiziarrak bere ibilbide artistikoa errepasatuko du Aitor Azurki kazetariarekin batera, “elkarrizketa informalean” eta “ezustekoren bat edo beste” ere egongo da, antolatzaileek aurreratu dutenez.

Goibururen hitzetan, “egiten dudan oro bezala, sakon bizi dut artea. Lataburuk proposamena egin zidanean, automatikoki burua jira eta buelta hasi zitzaidan; intuizio oso indartsu batekin ateratzen zait, oso argi ikusten dut”.

Artistak azaldu duenez, “artea nire bizitza da, eta Lataburuk tertulian parte hartzeko esan zidanean eta nire ibilbidea azaldu nionean, ekitaldiari performance bat eransteko ideia helarazi zidan, beti landuko dudan gaiaren arabera prestatzen ditudalako. Handik egun gutxira itxura eman zion: ekitaldia ‘denboran atzera ibilita’ izango denez, hau da, nire bizitza artistikoa kontatuko dugunez, performancea horri buruz pentsatuta dago: oso sinplea eta laburra izango da, baina argi ikusiko dute; jendearengana iritsiko dela uste dut”.

Formatu “berritzaile eta berezia”

Goierritarrak performance ugari antolatu ditu bere ibilbidean zehar. Lehena 1999an izan zen, Tolosan, eta bertan parte hartu zuten Agustin Gonzalez Arciluk eta Jose Antonio Beguiristain Konpainia Nazionaleko dantzariak.

Goibururen figura berraurkitzea

Ostiralekoa ekitaldi desberdina izango dela aurreratu dute, “publiko guztiari irekia eta doakoa”. Gainera, Goibururen figura ere berreskuratu nahi dute, hainbat hamarkadatan “bigarren mailara” baztertu ondoren, “Nisa bezalako emakume asko baztertuak izan ziren” merkatu baten ondorioz, dio Lataburuk eta gehitu duenez, “Goiburu XX. mendean euskal artearekin zer gertatu zen erakusten duen adierazle garbia da, non gizon artistek zeharka eta nahi gabe beren gremioko emakumeak ‘estali’ eta ahanzturara baztertu zituzten. Hori dela eta, ekitaldi honen beste helburuetako bat Nisaren figura berraurkitzea edo berreskuratzea da, Historian geratu diren zuloak osatuta, justizia eginda, eta Goiburu euskal artearen artista aipagarri eta erreferentzial gisa ere jarrita”.

Zabaldu: