Hitzaren eskolan izena emateko epea ireki dute

Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe ariko dira irakasle, bakoitza hitzaren adierazpide batetik. Ekainaren 7ra arte egongo da izena emateko aukera zabalik.

Azpeitiko Dinamoak Hitzaren eskolan izena emateko epea zabaldu du. Sei hilabeteko iraupena izango du eskolak, irailaren 9tik, martxoaren 27ra bitartean, eta, hilabete bakoitzeko, hitzaren adierazpide ezberdinetako irakasle-tutore bat ariko da ikasleekin: Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe. Saioak asteazkenetan (18:00-20:00) eta larunbatetan (10:00-13:00) izango dira, eta denera hamabi-hamabost laguneko talde batek jasoko ditu eskolak. Hil bakoitzeko irakasleak ekitaldi ireki bat antolatuko du hileko azken asteazkenean; izan hitzaldi, film emanaldi, kontzertu edo mahai-inguru baten forman.

“Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau”, adierazi dute antolatzaileek. “Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin”. Eta horregatik, hain zuzen, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko dituzte eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: “hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea”.

“Hatsa da hasieran, hotsa da hurrena, hitza da gero. Hiztuna da bat, beste ezeren aurretik. Gero dator irakurle, idazle, bertsolari, kazetari, itzultzaile, zernahi izatea, baina hasieran bat hiztuna da, eta hitzezkoa da mundua. Iturri ugaritatik edaten du gero, ez hitzetik bakarrik, artetik, musikatik, zinetik, edonondik, eta bizitza bera du, azken finean, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bere egin behar du, mundua kontatzeko”.

“Idatzi, aldatu, ezarri, ezabatu, berridatzi, itzuli, esan, esan, eta berriz esan”. Berbaren sormen laborategi honetan, hainbat iturritatik edanez, nork bere ahotsa bilatu ahalko du, nork bere hitza.

Hitzaren eskolan izena emateko epea ekainaren 7ra arte egongo da zabalik. Prezio orokorra 375 eurokoa izango da; ikasle, langabetu eta erretiratuentzat, aldiz, 250 euro balioko du.

Hona Hitzaren Eskolari buruzko informazio guztia.

Izena emateko hemen.

Zabaldu: