Txakur Gorria Kolektiboa

Hi(ZKI)bridoak zikloa udazkenean egingo dute Bilbon

Anarik eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak parte hartuko dute, besteak beste, Euskararen Etxeak antolatu duen zikloan.

Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatu zuen iragan otsailean, bere Bilboko egoitzan, baina COVID-19k eragindako pandemiaren ondorioz, ekitaldi bakarra burutu ahal izan zen, Buztinezko etorkizuna izenekoa, otsailaren 27an. Zikloan bildutako beste lau ekitaldiak, berriz, bertan behera gelditu ziren.

Hori dela eta, ekitaldiok udazkenean egingo direla iragarri dute Euskararen Etxearen arduradunek, baina emanaldiak errealitate berrira egokituko dira; edukiera murriztu beharko da eta ikuskizunak streaming bidez ere zabalduko dira.

Txakur Gorria Kolektiboak emango dio hasiera zikloari urriaren 8an Orainmenean izeneko emanaldiarekin. Kolektiboko kideek diotenez, “bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira”. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira ikusgai.

Urriaren 22an, berriz, Muga taldea igoko da oholtzara. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatutako egitasmoa da Muga eta poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Anfentamiña Montoiaren lehen poema liburua izan zen, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz. J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa.

Azaroaren 13an Anariren txanda izango da musika eta artea lotzen dituen Habiak izeneko ekitaldiarekin, zeina Anariren Habiak diskoaren inguruan ardazten den: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu. Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; denbora zeharkatuko duten soinuak. Booktegik, halaber, erakusketari buruzko katalogo-argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.

Zikloari amaiera emateko, abenduaren 10ean, bertso saio literarioa eskainiko dute Mari Luz Estebanek, Maialen Lujanbiok eta Miren Amurizak. Estebanek kantuan jarriko ditu Amuriza eta Lujanbio, eta, pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Bertso saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da.

Emanaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean izango dira.

Zabaldu: