Hizkuntza gutxituen hedabideei buruzko kongresuarekin eta zinema dokumentaleko ziklo batekin bukatuko da Scotland Goes Basque

Gaur, urriak 11, hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental-bildumako Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak izango dira ikusgai

Urtearen hasieratik hona, Scotland Goes Basque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusietako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe jaialdian eta literatura Edinburgh International Book Festival-en. Udazken honetan berriz zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarriko du fokua programak.

Gaur, urriak 11, hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental-bildumako Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak izango dira ikusgai.

Bestalde, komunikazio sistema globalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak hizpide izango dira Edinburgoko Unibertsitatean. Euskal Herriak eta Eskoziak komunean dituzten faktoreen artean daude hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta hauen garapena. Hortik abiatuta, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko kongresu bat antolatu dute, urriaren 16an eta 17an. Bertan, 30 aditu baino gehiago bilduko dira eta hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea du helburu. Horretaz gain, unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea ere du xedea.

Edinburgoko Unibertsitatean landuko diren gaiak dira, besteak beste: komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Hizpide izango diren hizkuntzak berriz, hauek izango dira: akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera.

Zabaldu: