(argazkia: Kontseilua)

Hizkuntza-politiketan adostasun sozial orokorrak irudikatzeko ekitaldia egingo dute ekainaren 19an, Donostian

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, “zinez uste dugu batuz, jauzia emango dugula; batuz, gauzak aldatuko ditugula, eta lehen jauzia Kursaalen egingo da”. Ondorioz, herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala proiektuaren baitan, ekainaren 19an Donostiako Kursaalen egingo duten ekitaldia aurkeztu dute gaur. Bertan izan dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Joan Mari Larrarte Elkar taldeko ordezkari eta Kontseiluko lehendakaria, eta dokumentuarekin bat egin duten hiru eragiletako ordezkari: Bizipoza eragileen bilguneko koordinatzaile Leire Elizegi, Mondragon Taldeko hedapen kooperatiboko arduradun Ander Etxeberria eta Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakari Pilar Lekuona.

Bilbaok aipatu du Donostiako Kursaal jauregiak baduela esanahi berezia hizkuntza-gutxituen historian: “Duela lau urte eta erdi Europako hizkuntza-komunitate gutxituek inoiz egindako ariketa handienaren emaitza aurkeztu genuen bertan: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Egoera oso desberdinak izanagatik, hizkuntza-politiketan adostasun erraldoia lortu genuen”.

Horrekin batera, Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du iazko abenduan Kontseiluak konpromiso zehatza hartu zuela eragile politiko, sozial eta sindikalen aurrean, “hizkuntza-politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu zela esan genuen eta horri begira, eragile anitzekin prozesua zabalduko genuela aurreratu genuen. Azken bost hilabetetan buru-belarri jardun dugu horretan, eta pozik gaude izandako harrerarekin”.

Azken hilabeteotan Kontseiluak hainbat mintegi antolatu ditu eragileekin. Orotara ehundik gora ekarpen jaso ditu jatorrizko dokumentuak. “Bagenekien ezin geniola bakarrik intuizioari jarraitu, baina egia da alde askotatik ikusten dela hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia dela, eta horretarako oinarrizko adostasunak lortu behar direla eragile sozialen artean”, adierazi du Bilbaok.

Horrekin batera, bi elementu azpimarratu nahi izan ditu prozesuaren inguruan. Batetik, eremu oso desberdinetako eragileen aldetik izan direla ekarpenak, eta bestetik Euskal Herri osoko eragileen ekarpenak jaso dituztela prozesuan zehar, “Ainhize-Monjolosetik Tuterara iritsi da proiektua. Abokatuak, pediatrak, sendagileak, kirol-taldeak, sindikatuak, enpresak, mundu kooperatiboa, erizainak, gazte-erakundeak, elkarte feministak, LGTBI aktibistak, zientzialariak, laborariak, hezitzaileak, euskalgintza bere osotasunean… horien guztien adostasuna irudikatuko dugu ekainaren 19an”.

Larrartek bere aldetik, euskalgintzaz haratagoko eragileekin lanketa berezitua egitea garrantzitsua izan dela adierazi du, “ohartuak gara normalizazio-prozesuaren bandera euskalgintzak eraman izan badu ere, prozesua beste eragileekin partekatu behar dugula: erantzukizun partekatuak dira giltzarri jauzia egingo badugu”. Ezaugarri horrek prozesu oso aberasgarria ahalbidetu du. “Ez gaude ohituta hizkuntza-politikaz euskalgintzakoak ez diren eragileekin eztabaidatzera, eta hori izan da proiektu honek hautsi nahi izan duen horma, edo akaso zabaldu duen arrakala. Etorkizunari begira lan-molde berriak ekarri beharko ditu”, gaineratu du.

Horrekin batera, etorkizun hurbilean ere sektoreetan lanak ekarriko dituela aurreratu du, “izan ere, ekainaren 19an adostasun sozial orokorrak irudikatuko ditugu, baina, ondoren, eremuz eremu, gurean kulturan, esaterako, jakin beharko dugu norabidetze orokor horiek gure ildoan aplikatzen lanketa berezituen bidez”.

Lekuonak, berriz, euskara eta hizkuntza politikaren gaia bere egunerokoan bizi dituztela azaldu du, “gure lanean euskararen ezagutzaren beharra eta erabiltzeko beharra oso agerikoak dira eta oztopoak handiak dira. Prozesu honek balio izan du begirada altxatu eta arazo partikularrari irtenbide globala emateko. Ohartu gara, osasungintza gizartearen puzzlearen beste pieza bat dela, eta beharrezkoa dela puzzle osoa ongi uztartzea”, adierazi du.

Ekitaldi irekia

Ekitaldia irekia izango, baina segurtasun-neurriak bermatzeko, izena eman beharko da Kontseiluaren webgunean edota gonbidapenak@kontseilua.eus helbidera idatzita.

Zabaldu: