Iban Illarramendi ilustratzailearen erakusketa Donostiako Ilustratzailearen txokoan ikusgai

Gipuzkoarrak sortutako ilustrazioak datorren martxoaren 19ra arte egongo dira ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Iban Illarramendi Etxabe (zarautz, 1973) artistaren erakusketa paratu dute Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa izeneko programaren barruan.

Txikitan hasi zen Illarramendi marrazten eta ez dio inoiz utzi. Publizitateko Diseinu Grafikoko ikasketak egin zituen eta Ilustrazio Digitalean ere prestatu zen University of the Arts Londonen egindako online ikastaro baten bidez. Urte batzuetan beste lanbide bat izan ondoren, ilustraziotik bizitzea erabaki zuen. Bide hori egin ahal izateko, etengabe prestatzen aritu da azken urteetan eta horretarako maite dituen ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoen lantegi eta ikastaro ezberdinetan parte hartu du. Hala nola, Javier Zabala, Isidro Ferrer, Jesus Cisneros, Guridi eta Elena Odriozolarekin.

Bakarkako eta taldeko erakusketa hainbatetan parte  hartu izan du. Besteak beste, berriki 2022ko Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan FADIPek antolatu duen Ilustración, una literatura visual erakusketarako hautatua izan da.

Ilustratu izan dituen euskarrien artean liburuak, kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoak, arropak eta argitalpen ezberdinetako azalak daude. 2019an, Zarauzko Udalak Emakumearen eguna iragartzeko antolatzen zuen kartel lehiaketa irabazi zuen.

Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolaturiko MarraziOak eta Biko-Teka lantegietan hartu izan du parte. Azken honetan aurten Eider Perezekin batera abiatu duen proiektuak irabazi du album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria Kiratsa albumarekin, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena.

Bestalde, haurrekin ere egiten du lan. Izan ere, Artezaleak kultur elkartean ilustrazio esperimentaleko lantegiak eskaintzen dizkie haurrei.

Illarramendiren sorkuntza-lanek natura, itsasoa eta orokorrean euskal sustraiekin harremana duten elementuak dituzte abiapuntu. Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztu bat erabiltzea gustatzen zaio. Ilustratzaileak berak aitortzen duenez, bere ilustrazioak “geometrikoak eta delikatuak” dira, eta teknika mistoak, analogikoak zein digitalak erabiliz egiten ditu; lettering-ak ere badu tokia bere sormen-lanean.

Ilustratzailearen Txokoa

2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa. Orain, Iban Illarramendiren txanda da.

Zabaldu: