(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Iban Zalduak eta Julen Ribasek ‘Botere handi batek’ komiki albuma aurkeztu dute

Xabiroi bildumaren hemezortzigarren zenbakia da Ikastolen Elkartearen eskutik gaur Donostian aurkeztu dutena.

Botere handi batek komiki albuma aurkeztu dute gaur Iban Zalduak eta Julen Ribasek, Donostiako Elkar liburu-dendan. Ikastolen Elkartearen babespean argitaratzen den Xabiroi komiki aldizkariaren hamazortzigarren komiki bilduma da honakoa, eta aurkezpenean izan dira, baita ere, aldizkariko koordinatzaile Dani Fano eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola.

Xabiroi komikigile askoren topaleku da, izan gidoigile edo izan marrazkilari. Horietako bi dira Iban Zaldua eta Julen Ribas. Aldizkariak bigarrenez batu ditu lan honetan. Aurrekoa Azken garaipena izan zen, duela urte batzuk argitaratua eta Euskadi Literatur saria irabazi zuena.

Album berriaren sinopsiaren arabera, Franco diktadorea hil berritan, Bardean Espainiako Armada lantzen ari zen super-gizakien programa bertan behera geratuko da. Hainbat super-gizaki ordea, dagoeneko sortuak dira, eta ihes egin dute leku hartatik. Haietako batzuk Euskal Herrian geratuko dira, eta euren botereak erabiliko dituzte. Hastapenean, euskal gatazkarekin zerikusirik duen ezertan eskuk-hartzerik ez dutela egingo adostu arren, hainbat gertakizun kari, berehala hartuko dute parte alde batean zein bestean.

Fisio, Fusio, Depresore, Lady Toledo,  Barrenero, Atari, Zatiki, Porlana, Makadama… Botere handiak dituzten super-gizakiak dira. Baina ez dira erabateko super-heroi edo super-gaizto. Euren pertsonalitatea eta aldezten dituzten “kausak” aldatuz joango dira, urteak pasa ahala, eta bakoitzak bizi dituen gorabeheren arabera, iragan mendeko azken hogeita bost urteak hartzen baititu kontakizunak.

Euskal gatazkaren inguruan, izenak eta beste hainbat elementu asmatuak izan arren, erraz identifika daitezke komikian agertzen diren pasarte askoren atzean dauden benetako gertaerak eta izen batzuen atzean ageri diren pertsonak. Hala ere, ez da historia liburu bat, ezta komiki historiko bat ere, aurkezpenean Zalduak azaldu duen bezala, eta fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak ez dira lausoak. Aitzitik, egileak defendatu du idazleak argi bereizi behar dituela errealitatea eta fikzioa. Botere handi batek, beraz, historia alternatibo bat da, eta, ondorioz, literarioa. “Biolentzia, biolentziaren ondorioak eta albo kalteak, biktimak, biktimarioak… ageri dira, baina helburu artistikoa du lan honek. Gai horien inguruan irakurlea hausnarketa egitera bultzatzen badu, askoz hobeto”, nabarmendu du Zalduak.

Hala, erritmo biziko kontakizuna da Botere handi batek, nahiz eta komiki tinkoa izan, mami handikoa. Eta komiki guztiekin gertatzen den moduan, irakurketa maila diferenteak eduki ere baditu. Idazleak aitortu du, gerta daitekeela irakurle zenbaitek, bereziki gazteenek, erreferentziak ez topatzea garai hartako historiaz, eta, beraz, beste  modu bateko irakurketa egitea. “Baina, zorionez, gaur egun erraz aurki daitezke erreferentzia horiek Interneten”, gehitu du.

Mundu berri batean murgildu da ilustratzaileak

Ribasek egin ditu marrazkiak lan honetan, eta aitortu duenez, konfort zonatik at aritu da lanean. Deseroso ordea, ez. Izan ere, aitortu duenez, “polita izan da  mundu berri batera jauzi egitea”.

Hasiera batean, Botere handi batek komiki liburu bat izateko asmoa zeukaten egileek. Xabiroin, berriz, gehienez 64 orrialdeko albumak egiten dira. “Hasieran traba gisa ikusi genuena, ordea, azkenean mesedegarri egin zaigu, onerako  izan da”, adierazi du Ribasek.

Ribasen arabera, lan baldintza onenak dituen argitaletxea da Xabiroi eta eskerrak eman dizkie bai Dani Fanori eta baita Nekane Artolari ere, euskarazko komikigintzari Xabiroik eta Ikastolen Elkarteak emandako bultzadarengatik. Zaldua ere esker oneko agertu da honelako proiektu bat aurrera ateratzeagatik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna