Ondare etnografikoari buruzko dibulgazio-proiektuak garatzen laguntzea da deialdi berri honen helburua.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak eta Donostiako San Telmo Museoak etnografia ondarea ikertzeko eta zabaltzeko Galbahe ikerketa eta dibulgazio bekaren lehen edizioa aurkeztu dute.
Azaldu dutenez, “beka bi erakundeen bilduma etnografikoetan oinarrituko da, euskal landa-gizartea aztertzeko diziplinarteko berrinterpretazioa edo elkarrizketa proposatzeko”. Galbahek sei hilabeteko iraupena izango du eta ekaina eta azaroa bitartean garatuko da.
Hala, ondare etnografikoari buruzko dibulgazio-proiektuak garatzen laguntzea da deialdi berri honen helburua, ondare horren gizarteratzea sustatzeko. “Bekak euskal kulturaren aztarna materialak berrinterpretatzen eta begirada eta diskurtso berriak formulatzen baita ondare eta herentzia hori zabaltzen ere lagundu nahi du”, nabarmendu dute sustatzaileek.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, deialdia Gipuzkoan erroldatutako adinez nagusi diren eta Gizarte Zientzia eta Humanitateetako unibertsitate-ikasketak dituzten banakako pertsonei edo lantaldeei zuzenduta dago. Ikerketa egiteko formatua irekia izango da eta interesdunek beren proposamena aurkeztu beharko dute formatu irekian: argitalpena, erakusketa, topaketak, eztabaidak, etab.
Proiektuari dagokionez, euskaraz egin beharko da eta, nahi izanez gero, gaztelaniara ere itzuli ahal izango da. Egiten diren lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute eta Galbahe bekaren ikerketa bi museoetako bilduma etnografikoetan oinarritu beharko da.
Parte hartu nahi duenak dokumentazioa posta elektronikoz bidali beharko du apirilaren 25a baino lehen: igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera. Bekaren ebazpena maiatzaren 16tik aurrera jakinaraziko da.
Parte hartzeko oinarriak, hemen.