Tokiko eragileek eskainitako tailerren zikloa da. Lehenengo hitzordua martxoaren 28an izango da, ostirala, Igartubeiti Baserri Museoan, Jateko aukeratzen dugunaren aztarna merienda-tertuliarekin.
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak, Saint-Laryko Turismo Bulegoak eta Ayerbeko Udalak Poctefa Patrim 4.0 proiektuaren Jakintzen Hibridazioa ekimena jarri dute abian. Azaldu dutenez, “lanbide tradizionalei eta horiek mundu garaikidean duten iraupenari buruzko hausnarketa- eta ikaskuntza-espazioak sortzea helburu duen tailerren zikloa da”. Hala, ziklo honetan herritarrei irekitako saioak izango dira eta bertako artisau, artista eta nekazariek eskainiko dituzte, hainbat gairi buruz: saskigintza, zeramika, elikadura, ehun-diseinua, artea, dantza, erlezaintza, bitxigintza eta natura. Gainera, topaketak antolatuko dira, komunitateen etorkizunean balioak, identitateak, memoria eta kultura transmititzeak duen zereginari buruz eztabaidatzeko.
Ziklo honetako lehen tailerra Jateko aukeratzen dugunaren aztarna merienda-tertulia izango da, Biziola bertako nekazarien kooperatibarekin batera, martxoaren 28an, ostirala, Igartubeitin. Topaketa honetan, parte-hartzaileek tokiko produktuak dastatu ahal izango dituzte eta elikagai-erabakiek ingurumenean, tokiko ekonomian, gizartean eta kulturan duten eraginari buruz hausnartu ahal izango dute.
Bertaratu nahi dutenek izena emateko epea zabalik dute jada: [email protected] helbidera idatzita, whatsapp bidez 618 00 41 31ra mezu bat idatzita, 943 72 29 78 telefono zenbakira deituta.
2025ean zehar, Igartubeitiko lehen hitzordu honen ondoren, jarduera gehiago egingo dira Saint-Laryn, ondoren urrian Ayerbera joateko. Azkenik, Igartubeitin azaroan egingo diren tailerrekin itxiko da egitaraua. Programazio ibiltari honek lurraldeen arteko lankidetza-espiritua eta jakintza tradizionalen transmisioarekiko konpromisoa islatzen ditu.