Erein argitaletxearen 40. urteurrenean, 2017an (argazkia: Erein)

Igela argitaletxearen itxieraren harira Ereinek bere harridura azaldu du ohar baten bidez

Erein argitaletxeak ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. Ereinek hitzartuta dauden liburu horiek argitaratzeko asmoa du, eta aurrerantzean erabakiko du zein modutara jarraituko duen Igelak. Ereinek aurreratu dutenez, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo da eta nabarmendu du ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala.

Erein argitaletxeak “harridura osoz” jaso du Igela argitaletxearen jarduna eteteko erabakiaren berria. Komunikabideei helarazitako ohar baten bidez adierazi dutenez, “gaurko Berria digitalean irakurri dugu Uxue Rey Gorraiz kazetariak sinatuta izenburu hau: Igela argitaletxea gelditzea erabaki dute haren jabe diren enpresariek. Berri hori eta ondoren ageri diren afirmazio batzuk ikusita, behartuta sentitzen gara kontu batzuk argitzera. Igelaren jabe diren enpresariak enpresa bakarra da eta bere izena Erein argitaletxea da, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita”.

Orain dela hiru urte Erein argitaletxeak pentsatu zuen langile bat hartzea Iruñean, gizarte hartan sortua eta garatua baitzen Igela argitaletxea ordura arte, eta hari autonomia guztia ematea. Langile hari soldata bat esleitu zitzaila dio Ereinek eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak. “Langile hori Lander Majuelo zen, eta uneoro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa. Hiru urte pasatu direnean, eta besteak beste, aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan dugu”, dio Erein argitaletxeak.

Erein argitaletxeak, beraz, ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. “Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den”. Erein argitaletxeak hitzartuta dauden liburu horiek argitaratzeko asmoa du, eta aurrerantzean erabakiko du zein modutara jarraituko duen argitaletxeak. “Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala”.

Zabaldu: