(argazkia eta informazioa: Mintzanet.net)

Igone Leonek, Maider Olarrak eta Alberto Elejaldek jaso dituzte aurtengo Mintzanet Sariak

Igone Leonek, Maider Olarrak eta Alberto Elejaldek jaso dituzte 2019ko Bidelagun eta Bidelari Onenen oroigarriak, baita urteko Aipamen Berezia ere.

Atzo banatu zituzten VI. Mintzanet Sariak Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, egitasmoaren zutabe diren bidelariak eta bidelagunak bildu ziren.

Ima Garrastatxu, Durangoko alkateak, ongietorria eman zien ekitaldira hurbildutakoei eta Mintzanet Eguna bertan antolatzea herriarentzat berri pozgarria zela aitortu zuen. Herriko Jaizale txistularien doinuen ondoren, Ritxi Lizartza, proiektuaren arduradunak, hartu zuen hitza eta Mintzanetek zazpi urtean izan duen ibilbide oparoa azpimarratu zuen, “oso pozik gaude gaur hemen egoteagatik eta zuen guztien babesa izateagatik”.

Aurten, Alberto Elejalde gasteiztarra izan da Bidelagun Onena. “Alberto aspalditik bizi da Gernikan eta urte asko daramatza Vanesa Alcega Cortesko (Nafarroako Erribera) bidelariari euskara praktikatzen laguntzen”, dio Cristina Tapia Mintzaneteko kideak.

Bidelari Onenaren saria, berriz, Polonian denbora luzez bizi izan den Igone Leonentzat izan da. “Igone Bilbon jaio eta hazi da, baina txikia zenean ez zuen euskara ulertzen. Atzerrian eta etxera itzultzean, euskara mantentzeko egindako esfortzuagatik irabazi du saria”, azaldu zuen Ainara Loiarte, Mintzaneteko kideak.

Aipamen Berezia saria Baden-Badenen (Alemania) bizi den Maider Olarra donostiarrarentzat izan da.  Maiderrek hasieratik izan du proposatutako guztian parte hartzeko grina eta ilusio horrekin laguntzen dio euskara praktikatzen Lurdes Alonso bermeotarrari.

Zabaldu: