‘Ihaute Denbora’ erakusketa paratu dute Irisarrin Eliane Heguiaphalen argazkiekin

Argazkilari zuberotarraren zuri beltzezko argazkiei Thierry Truffaut antropologoaren testuak eta Maritzuli Dantza konpainiaren arropak ere gehitu dizkiete. Erakusketa gaur hasi eta maiatzaren 7ra bitartean bisitatu ahal izango da Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean.

Eliane Heguiaphal argazkilari zuberotarraren obrekin osatuta, Ihaute Denbora izeneko erakusketa paratu dute Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean. Bertan, inauteri eta maskaradekin zer ikusia duten hainbat argazki egongo dira ikusgai. Denetara, Pirinio inguruetako hogei bat inauteren argazkiak biltzen ditu erakusketa honek: Euskal Herrikoak, Aragoikoak eta Kataluniakoak, besteak beste. Izan ere, erritu eta tradizio ezberdinen sorburua non dagoen aztertzeko helburua du argazki bildumak.

Zuri beltzean ateratako argazkiei Thierry Truffaut antropologoaren testuak eta Maritzuli Dantza konpainiaren arropak ere gehitu dizkiete, hala tradizioaren inguruko dialogo aberats bat lortzen dela azaldu dute antolatzaileek.

Eliane Heguiaphal zuberotarra irakasle eta argazkilaria da eta hogei urte daramatza Euskal Herrian zehar, alde batetik bestera, inauterietako irudiak jasotzen.

Ihaute Denbora izeneko erakusketa gaur hasi eta maiatzaren 7ra bitartean bisitatu ahal izango da Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 12.30era eta 13.30tatik 17.30era, larunbatetan berriz 10.00etatik 12.30era.

Zabaldu: