Julene Azpeitia literatura lehiaketa martxan da

Irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Literatura sorkuntza bultzatzeko xedea duen lehiaketa antolatu du beste urte batez Zumaiako Udalak. Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 35. edizioa izango da aurtengoa, eta irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “idatziaren gaia librea izan beharko da eta testua euskara hutsean. Aldez aurretik argitaratu gabeko lanak jasoko ditugu, gutxienez sei orrikoak”. Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: 3.000 euroko saria izango du irabazleak, 1.500 eurokoa emango diote bigarrenari, eta 1.000 euro jasoko ditu hirugarren postuan sailkatzen denak.

Idazlanak onartuak izateko, izenburua bakarrik eraman beharko dute agerian eta idazlearen izena ezin izango da beste inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia. Epaimahaiko idazkariak izango du lan irabazleak ebatzi arte datuok gordetzeko ardura.

Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira, Julene Azpeitia 35. ipuin lehiaketarako dela adierazita: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen plaza 1, 20750 Zumaia.

Lanak posta elektroniko bidez bidaltzeko aukera ere badago, euskara@zumaia.eus helbidera idatzita. Kasu horretan ere egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera.

Zabaldu: