Zinemaldiak, Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategia erakundeekin lankidetzan, zinemaren klasiko japoniar hau aukeratu tu aurtengo ediziorako. Denera, familia osorako animaziozko sei film eskainiko ditu programak.
6 eta 11 urte bitarteko milaka haurrek aukera izango dute Totoro auzokidea / Tonari no Totoro (Hayao Miyazaki, 1988) filmaren emanaldiaz gozatzeko Donostiako Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren barnean. Donostiako Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatuta, animazioko zinema japoniar klasiko honen emanaldiak basoko misterioetan barneratuko ditu haurrak, “hango biztanleek osatzen duten ekosistema liluragarria ezagutarazteko ikasle gazteei, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babestea zein garrantzitsua den nabarmenduz”, azaldu dute.
Filma euskarara bikoiztuta eskainiko da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Totoro auzokidea pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak (hala nola Totoro, itxaropena berreskuratzen lagunduko dien basoko izpiritu bat) aurkituko dituzten bi neskaren arteko harremana kontatzen digu.
Filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat egingo da, hainbat ezusteko ere izango dituena. “Basoaren bihotzera bidaiatuko dugu zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte”.
Aurtengo ediziora gonbidatutako zientzialaria Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamentuko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra izango da.
Ikastetxeak Belodromoan jardueraren aurtengo kartela basoko misterioei eta naturak pizten duen harridurari egindako omenaldia da, eta Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak sortu du Arteuparteren diseinu grafikoarekin.
Haurrentzako Zinemaldia
Zinemaldiak, bestalde, familientzako animaziozko sei lan aurkeztuko ditu 73. edizioan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak izango dira Principe zinema-aretoetan. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira Sarrerak 2 euroko prezioan eskuratu ahalko dira, fisikoki, eta aurten Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen medioz ere bai.