(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Ikastolen Elkarteak ere abenduaren 27an, Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du

Elkarteak nabarmendu duenez, “euskaraz bizitzeko Pizkundea ez da ekitaldi isolatu bat izango; mugarri bat izan dadila euskararen aldeko pizkunde berri baterako. Ikastolak han egongo gara, lehen lerroan, familien eta euskararen aldeko gizarte eragileen ondoan”.

Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duten larrialdi linguistikoaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaraz bizitzeko Pizkundea ekitaldia antolatu du abenduaren 27rako, 17:00etan, Bilbao Arenan. Ekitaldi honek urteetan metatutako kezka eta eskakizunei erantzun kolektibo bat eman nahi die: etsipenetik urrundu, eta indarraldi berri bati ateak zabaltzea, euskaraz bizitzeko nahia eta konpromisoa agerian utzita.

Kontseiluak azaldu duen bezala, helburua da milaka euskaltzale biltzea, euskararen normalizazioan atzerapauso arriskutsuak ekar ditzaketen oldarraldi judizial eta politikoen aurrean herri-erantzun sendo eta baikorra emateko. Larrialdi egoera honetan, euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela erakutsi nahi da, eta euskararen aldeko politika ausart eta eraginkorrak exijitu, hizkuntza berdintasuna, justizia soziala eta gizarte kohesioa bermatzeko.

Ikastolen Elkarteak bat egiten du deialdi horrekin, eta garrantzi berezia ematen dio indar erakustaldi handi bati. Ikastolen ustez, gaur egungo testuinguruan, ezinbestekoa da euskararen aldeko jendarte zabalak ikusgarritasun politiko eta sozial handiko ekitaldi batean bere ahotsa eta presentzia agertzea.

“Hezkuntza-sare euskaldun komunitarioa gara, eta egunez egun ikusten dugu familiek eta haurrek euskaraz bizitzeko dituzten oztopo eta aukerak. Horregatik, uste sendoa dugu: Bilbao Arena betetzea ez da ekintza sinboliko hutsa, baizik eta mezu argi bat euskal gizartearentzat eta erabaki-guneentzat. Mezu hori hiru ideiatan laburbil liteke: euskaraz bizi nahi dugula, euskara guztion ardura dela, eta hizkuntza-politikan jauzi sendoa ezinbestekoa dela”.

Elkarteak azpimarratu duenez, “ikastolak eguneroko pizkunde txiki eta handien agertoki gara: haurrek lehen hitzak euskaraz esaten dituzten tokia, gurasoek euskarara hurbiltzeko urrats ausartak egiten dituzten plaza, eta euskaraz ikasi eta sortu nahi duten gazteek beren lekua topatzen duten komunitatea. Baina ikastolen lana ez da nahikoa izango gizartearen babes eta inplikazio zabalik gabe; horregatik, ezinbestekoa da euskaltzale, familia eta hezkuntza eragileek plaza publikoan ere indarra erakustea”.

Ikastolen Elkarteak, beraz, dei argia egiten dio Euskal Herriko ikastolen komunitate osoari eta, bereziki, gurasoei: abenduaren 27an, Bilbao Arenara joan daitezela. Gonbidapena zabaldua da ikastolen sareko guraso, irakasle, langile, ikasle ohi eta lagun guztiei, baita euskararen aldeko konpromisoa duten herritar guztiei ere. Sarrerak www.pizkundea.eus atarian eskuratu daitezke.

Nabarmendu dutenez, “euskaraz bizitzeko Pizkundea ez da ekitaldi isolatu bat izango; mugarri bat izan dadila euskararen aldeko pizkunde berri baterako. Ikastolak han egongo gara, lehen lerroan, familien eta euskararen aldeko gizarte eragileen ondoan. Ikastolen Elkarteak herritar guztiak animatzen ditu Bilbao Arena euskaltzalez betetzera, elkarrekin arnasa hartu, indarrak batu eta etorkizunari euskaraz begiratzeko”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna