(argazkia: Gerediaga elkartea)

Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan Tanadori Yamaguchiren ‘Denboraren Aztarna’ erakusketa paratu dute

Artista japoniarraren lau pieza jasotzen ditu erakusketak eta denboraren joan-etorriaren lekuko izan nahi dute. Erakusketa irailera arte bisitatzeko aukera egongo da.

Arteaz eta naturaz gozatzeko eta, aldi berean, bisitariaren begirada zabaltzeko asmoz, lau instalazio erraldoi jarri dituzte ikusgai Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan. Tanadori Yamaguchi artistaren (Nagoya, Japonia, 1970) obrak dira eta Gerediaga Elkartea izan du laguntzaile gisa. Erakusketa irailera arte bisitatzeko aukera egongo da. “Gure iruditerian giza esku-hartzerik behar ez duten leku magikoak daude. Baina, badira beste batzuk oharkabean pasatuko liratekeenak esku-hartze horregatik ez balitz. Horixe da, hain zuzen, Angurreta Harrobia Arte Espazioaren kasua: antzinako meatze-ustiapena, naturaz beteriko parajea, gizakiaren esku-hartzeari esker ezohikoa bihurtu da”, adierazi dute sustatzaileek.

Yamaguchiren lau pieza hauek denboraren joan-etorriaren lekuko izan nahi dute.
Japoniarraren arte publikoko proiektuek adierazpen-sintesi sakona eta sentsibilitate estetiko bikaina dira, jatorri japoniarreko bere izaeraren emaitza. Bere lanek ingurunearekin hitz egin eta naturaren dinamismoa eta denboraren joana bilatzen dute.

Mañariako Angurreta Harrobia Arte Espazioan ere denboraren joan-etorriaren lekuko izatea lortzeko, aluminiozko estanpazio bat egin du artistak harriaren gainazalean. Estanpazio horren bidez, harriaren morfologia eskulturara transferitu, eta mendiak jasan duen ustiapen- eta eraldaketa-prozesuari buruzko informazioa jaso nahi izan du.

Eskulturak egitura poliedriko irregularrak dira. Hiru, lau edo bost alde dituzten irudi poliedrikoak kateatzen dira. Irudi horiek hainbat forma hartzen dituzte, sortu diren lekura egokitzeko. Horietako bakoitzak harrobiaren espazioarekin, dauden maila eta terrazekin edo utzitako paisaiarekin elkarrizketa ezberdina planteatzen du. Mugimendu infinituaren sentsazioa sortzen dute, aurpegien argitasuna etengabe aldatzen delako eguzki-argia islatzean, argi-itzalen joko dinamikoa sortuz.
Izaera minimalista duen egiturazko formalismoak estetika dekonstruktibista definitzen du instalazio honek. Angurreta Harrobia Arte Espaziorako propio sortutako instalazioak, tokiko memoria errespetatuz, gauzen iraunkortasunari buruz galdetzen du, baita errealitateari eta irudikapenari buruz ere.

Angurreta Harrobia Arte Espazioa

Arte garaikidea lantzeko espazioa 2021ean zabaldu zuten Mañarian. 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko harrobia da. Victor Arrizabala artista buru dela, kulturgune bat antolatzea erabaki eta elkarte bat sortu dute eta Angurreta Harrobia Kultur Elkartea.
Victor Arrizabalaga artistaren lan batzuk ikusgai daude bertan, naturgunea errespetatuz. Harrobiko elementu mardulenak ere arte espazioaren parte dira, eskualdeko historiaren erakusle gisa.

Zabaldu: