Topaketa hauen oinarria ludikoa izango dela adierazi dute Ikastolen elkarteko kideek. “Lehia egongo den arren, ongi pasatzea da helburua, elkar ezagutu, harremanak estutu eta guztiak txapeldun izatea.
Ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari dinamikaren baitan, Euskal Joko eta Kirolak ekimena antolatu dute gaur, Euskadiko Herri Kirol Federazioaren egoitzan.
Azaldu dutenez, bost topaketa antolatu dituzte: Ipar Euskal Herrian, Nafarroan, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. “Talde iraunkor bat egongo da, lurralde bakoitzetik bat, eta proba egun bakoitzean lurralde horretako beste bost taldek osatuko dute; egun bakoitzean, beraz, hamar taldek jokatuko dituzte probak”. Azken jaialdia urriaren 17an Nafarroa Oinez jaian egingo da: Lizarrako zezen plazan. Bertan finala ospatuko da. Topaketaren formatua arina eta dinamikoa izango da, 90 minutuko iraupena izango du. Hamabina kideko taldeak osatuko dituzte.
Hauek izango dira probak: sokatira, ingudea, bertsolaritza, dantza, zaku eroatea, giza proba, toka, artzain jokoa, lokotxak eta harri jasotzea.
Hala, lehen saioa Herri Urratsen egunean jokatu behar zuten, baina pandemia egoerak eragotzi egin zuen. Iparraldeko saioa, beraz, irailean jokatuko da. Bigarren saioa, berriz, larunbat honetan jokatuko da, maiatzak 22, Sopelan, hondartzako parkineko gunean goizeko 10:30ean. Hirugarren saioa, ekainaren 20an jokatuko da, Laudion, Araba Euskarazen baitan. Laugarren saioa Gipuzkoako Goierri eskualdean jokatuko da Kilometroak egunean. Azkenik, bosgarrena finala izango da eta Lizarran jokatuko da, zezenplazan, Nafarroa Oinez egunean.
Topaketa hauen oinarria ludikoa izango dela adierazi dute Ikastolen elkarteko kideek. “Lehia egongo den arren, ongi pasatzea da helburua, elkar ezagutu, harremanak estutu eta guztiak txapeldun izatea. Horregatik ez da onartuko taldeetan kirolari federaturik”.