Ikastoletako ikasleek Txikipedia: ‘300 baietz!’ erronkaren hirugarren ekitaldiari ekin diote

Aurtengo edizioan, klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria lantzea proposatu zaie ikasleei, eta gai horiek hartuta denen artean hirurehun sarrera berri publikatzea Txikipedian.

Euskarazko edukiak sarera gehitzeko asmoz, Euskal Wikilariak Kultur Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak 300 baietz erronkaren hirugarren ekitaldiari ekin diote. Hala, ikastoletako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduriko egitasmo honek hurrengo hiru hilabeteetan Txikipedian 300 sarrera berri sortzea du helburu.

Aurtengo edizioan, klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria lantzea proposatu zaie ikasleei, eta gai horiek hartuta denen artean hirurehun sarrera berri publikatzea Txikipedian.

Erronka kolektiboa dela diote elkarteek, “ikastola guztien artekoa eta ikasleen proaktibotasuna bilatzen duena. Beronen bitartez lortu nahi diren helburuak hauek dira: Euskal komunitateko kide bezala, euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea, arazoaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; sarean, oro har, eta Txikipedian, zehazki, euskarazko artikuluen presentzia areagotzea; gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea; eta konpetentzia digitala lantzea.

Hiru fase aurreikusi dira proiektua aurrera eramateko. Lehenbizikoan, Erronkaren aurkezpena egingo zaie ikasleei, Ikastolen Elkarteko dinamizatzaileen eskutik, eta besteak beste gai hauek jorratuko dituzte: sentsibilizazioa, arakatze jarduerak, planifikazioa, gaien aukeraketa…

Sarrera berriak sortzea izango da bigarren fasea: Txantiloiak eta ereduak izango dituzte ikasleek eta aukeratutako gaiaren gaineko artikuluak edota pertsonaien biografiak sortu beharko dituzte.

Azkenik, sarreren argitalpena egingo dute. Saio honetan artikuluen baldintzen errepasoa egingo da, Txikipedia gunea ezagutu dute ikasleek, edizioa landuko dute eta azkenik sortutako artikulua publikatuko.

Zabaldu: