Ikusi eta Ikasi Bilboko umeen aisialdirako eta hezkuntzarako euskarazko programa martxan da

4 eta 10 urte bitarteko haurrei euren familiekin gozatzeko euskarazko jarduerak antolatu dituzte ekainaren 3ra arte.

Ikusi eta Ikasi programa Euskaltzaleen Topaguneak Bilboko Udalarekin elkarlanean antolatzen du, eta 4 eta 10 urte bitarteko gaztetxoei euskaraz, dibertsiorako aukerak eskaintzea du helburu, “euskarazko aisialdi hezigarria sustatuz”, azaldu dute.

Guztira 59 proposamen jasotzen dira aurtengo egitarauan, diziplina askotarikoak, tailer eta ikuskizun formatuetan eta denak euskara hutsean. Ekimena bi ataletan banatu dute, parte-hartzaileen adinaren arabera: Ikusi eta Ikasi familian, 4 eta 8 urte arteko umeak dituzten familientzat, eta Lagun artean, 8 eta 10 urte arteko umeentzat.

Hamazortzigarren edizio honetan, esku-lanetako zazpi tailer eskainiko dira online. Horretarako, www.ikusietaikasi.eus webgunean eman daiteke izena.

Tailer hauek 4 eta 8 urte arteko adingabeentzat eta haien familientzat izango dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, “tutorialek zenbait esku-lan nola egin erakutsiko dituzte: kartoizko buruhandia, zentzumenen kutxa, puxtarri-joko bat, giltzatakoa, haizearekin zarata ateratzea, egunkariarekin zubiak egitea, eta txikienak Makusirekin, programaren maskotarekin, kantatzera eta dantza egitera animatzea”.

Aurrez aurreko 42 ikuskizun eta tailer

42 ikuskizun eta aurrez aurreko tailerrak ere jasotzen ditu egitarauak, otsailaren 3tik aurrera hiriko barruti guztietan egingo direnak. Ikuskizun horiek familiei eta haien 4 eta 8 urte arteko seme-alabei ere eskainiko zaizkie.

Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik webgunean izena ematea. Horretarako, bertan dauden eskaera-orriak bete beharko dira urtarrilaren 31ra arte. Saioetako edukiera mugatua izango da, eta plazak zozketa bidez esleituko dira.

Saioak diziplina askotakoak izango dira, eta gustu guztietarako pentsatuta daude: dantza, antzerkia, esku-lanak, ipuin-kontalariak… egongo dira. Programa otsailaren 3an hasi eta ekainaren 3an amaituko da, Kantu Koloreren ikuskizunarekin.

Lagun artean

Edizio honetan hamar tailer programatu dira, horien artean daude Sukaldari on!, The Die Tailerra, Papiroflexia, Oreka edota Gominola tailerrak.

Zabaldu: