Ikusmira Berriak proiektuko egileak aukeratu dituzte

Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Galvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lazaro zinemagileek euren proiektu zinematografiko berriak garatuko dituzte Ikusmira Berriak programaren barruan.

Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Galvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lazaro egileen proiektu zinematografikoak hautatu dituzte 2024ko Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizioan inskribatutako 362 proiektuen artetik. Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera zentroak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten ikus-entzunezko proiektuen egoitza eta garapen programan izena eman duten guztien artean, 13 EQZE eskolako ikasleak dira, 18 Nest ataleko parte-hartzaileak, 27 Euskal Herriko zinemagileak eta 304 nazioarteko kategoriakoak.

Elorza, Galvez eta Kerr egileek haien bigarren film luzea egingo dute. Elzermanek, Landak eta Lazarok, berriz, haien lehen film luzeak landuko dituzte, film laburren arloan ibilbide oparoa egin ondoren. Hauexek dira Tabakalera, EQZE eta Zinemaldiko ordezkariz osatutako Ikusmira Berriak programako hautespen batzordeak aukeratutako sei tituluak:

Eqze kategorian Wash Over, Marieke Elzerman (Herbehereak); Nest kategorian The Bow, Lucy Kerr (AEB); Euskal kategorian Caro Bastiano, Maria Elorza (Gasteiz); Euskal kategorian Senda, Mikele Landa (Bilbo); Estatu espainiarreko kategorian La Pastora / The Shepherdness, Cande Lazaro (Badajoz, Espainia); eta Nazioarteko kategorian Impunidad / Impunity, Felipe Gálvez (Txile).

Ikusmira Berriak programaren historian lehen aldiz, Euskal Herriko bi proiektu hautatu dira, Tabakalera belaunaldiko euskal emakume sortzaileak bizi izaten ari diren une bikaina eta, batez ere, bi zuzendarien ibilbidea aintzat hartuta. Maria Elorza (Gasteiz, 1988) Ancora Lucciole / Still Fireflies (2018) eta Quebrantos / Breaches (2020) saritutako film laburren egileak Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zuen bere film luzeen munduko debuta, A las mujeres y a los libros canto / To Books and Women I Sing filmarekin, eta Gazteriaren TCM Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Sariaren aipamen berezia jaso zituen; eta hori zinema-jaialdietan zeharreko ibilbidearen hasiera besterik ez zen izan, orain dela gutxi primeran amaitu dena, Porto /Post /Doc zinema-jaialdian eskuratutako sariarekin.

Mikele Landa (Bilbo, 1995), berriz, EQZE eskolako ikasle ohia da eta zuzendari onenaren saria jaso zuen Zinebi jaialdian Heldu bere lehen film laburrarekin. Nest atalerako hautatu zuten 2022an Noizko basoa / When Does a Forest Begin film laburrarekin eta Zinebi eta Ikuspuntu jaialdietan ere hartu zuen parte. Egoitzan garatuko duen Senda proiektua, bere lehendabiziko film luzea izango dena, Noka Mentoring eta Elkarrekin Sortzen programetatik ere igaro da.

Zortzi astekoa izango da egoitza, bi egonalditan banatuta. Martxoaren 4an iritsiko dira zinemagileak Tabakalerara, eta apirilaren 14ra arte izango dute haien proiektuak garatzeko aukera, Artisten Espazioan. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako haien beharren arabera propio hautatutako aditu eta profesionalen batzordeko kideen aholkularitza izango dute. Ekainean, bi egonaldien artean proiektua garatzen jarraitzeko laguntza bat jasoko du egoiliar bakoitzak. Irailean, Zinemaldiko egunetan, Donostiara itzuliko dira, egonaldiaren azkeneko bi asteak osatzeko. Fase horretan, industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete proiektua, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute, haien proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin egoteko.

Zabaldu: