Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran dira edizio honetako finalistak.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako lau egun baino ez dira falta eta, gaur, aurkeztu dute azken saio hori Donostian. Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran dira edizio honetako finalistak eta larunbatean, 17:00etatik aurrera Illunben izango direnak. Beraiekin batera izan da Ane Ezenarro Beristain ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen ordezkari izateaz gain, txapelduna iragartzeko ardura izango du larunbatean; eta harekin batera izango da Iker Iriarte Iribar, gaiak ematen.
Urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira bertako protagonistak. Guztiek hartu dute hitza, beteranoek zein lehen aldiz finalera heldu direnek, eta ilusioa eta gogoa nabarmendu dituzte.
Prentsaurrekoan parte hartu dutenez gain, beste parte-hartzaile batzuk ere izango dira larunbateko finalean. Esan bezala, Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar ariko dira finala aurkezten eta gaiak ematen. Epaile lanetan, berriz, sei epaile hauek ariko dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Idazkaria Aratz Irazustabarrena Garmendia izango da.
Arantzazu Loidi
Bertsozalek pasa den astean jakinarazi zuenez, Arantzazu Loidi Garitano izango da Gipuzkoako txapeldunari txapela jarriko diona. Almen bertso-eskolaren izenean, bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi. Berarekin batera, irakasle izan zuen Patxi Goikolea Zabala izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona.
Biek bietara, duela 50 urte sortutako bertso-eskola haren ordezkari dira, geroko bertso-eskolen unibertsoaren oinarri. Hain zuzen ere, aurtengo txapelketako irudian nola, hala irudikatuko da sari emaileetan ere unibertso hori: Gipuzkoako bertso-eskoletako ordezkariek emango dituzte gainontzeko sariak ere.