(argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Imanol Larzabalen omenezko disko-liburua aurkeztu dute

40 lanen antologia bat da, Angel Valdesek egina, Imanolen musika-ekoizpenaren alderdirik esanguratsuenak jasotzen dituena. Elixabete Garmendiak, Karlos Gimenezek, Felipe Juaristik eta Angel Valdesek berak hartu dute parte liburuan.

Imanol Larzabal (1947-2004) euskal abesti garaikidearen ikurrik handienetako bat dela aipatu dute Donostian egin duten aurkezpenean. Abeslariak hogei disko baino gehiago grabatu zituen, eta dozenaka gai zabaldu zituen lau haizeetara, euskaldun askoren gogokoena bihurtu arte. “Imanol: Kantatzen du kantuz diskoak Imanolen ondarearen antologia jasotzen du. Nortasun handiko ahots bat, grabatuta geratzen dena memorian. Poesia kantu guztietan ageri da, ahozko tradiziotik nahiz garaiko poeta onenen obretatik ekarrita”, azaldu dute.

Imanolek utzitako ondare hori disko-liburu honetan jaso da. Anjel Valdes musikan aditua arduratu da antologia hau osatzeaz. Larzabalen ibilbide osoko berrogei abesti aukeratu ditu, eta bi CDtan bildu ditu. Antologiak 60ko hamarkadako gai politiko eta sozialak, kantutegi tradizionalari egindako ekarpenak eta olerki klasiko eta garaikideen pieza gogoangarriak biltzen ditu.

Mendian gora, Ilun-ikarak, Mayo, Maitiak galdegin zautan, Ausencia edota Nire euskaltasuna abesti ezagunenen grabaziorik onenek Imanolen unibertso poetiko zabalean murgilduko gaituzte”, adierazi dute. Horietan, donostiarrak lankide ditu ohiko musikari handiak (Karlos Gimenez, Txema Garces…) eta unean uneko kolaboratzaileak (Paco Ibañez, Amaia Zubiria…).

Liburuan, Elixabete Garmendia, Karlos Gimenez, Felipe Juaristi eta Anjel Valdesen testuek Imanol eta haren lana garaiko ingurune kultural eta politikoan kokatzen dute. “Hor aurkituko ditugu Imanolen musika-ibilbidearen gakoak eta haren bizitza markatu zuten XX. mendeko azken lau hamarkadak”, bukatu dute.

Zabaldu: