(argazkia: Airaka)

Olatz Salvadorrek ‘Eraman nazazu’ abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu

Aho uhal diskoarekin abiatutako birari ere amaiera emango dio musikariak bere hirian, Donostiako Victoria Eugenia antzokian martxoaren 4an. Aurretik Japonen ere izango da kantaria.

Bi urte beteko dira Olatz Salvadorren Aho uhal (2021, Airaka) bakarkako lanak argia ikusi zuenetik. Garai zailetan hasiagatik ere, oparoa izan da egindako bidea eta, bere hitzetan, “oparia” leku guzti hauetara iritsi ahal izatea. 2021. urtean 70 kontzertutik gora eman zituen salbuespen egoera haren ondorioz suertatutako oztopo guztien gainetik eta aurten ere indartsu aritu da.

Orain iritsi da birari itxiera eta eskerrak emateko garaia. Horretarako, Salvadorrek Eraman nazazu abestiaren ikus-entzunezko lana aurkeztu du, Ane Berriotxoa eta bere lantaldearen pieza ederra, Nathalie Bejaranok errezitatutako Elvira Sastreren poesia bat bere baitan duena.

Musikari donostiarrak bakardadean biluzten hasi eta ‘gu’ bat sortzearen aldarria egin du eta, biluztasun horretan ausart bezain zaurgarri agertzen dira bera eta bere inguruko hainbat. Garai lehiakor eta indibidualistei zaintza kolektiboa. Deshumanizazioari benetako gorputzak eta arimak. Honekin batera, Salvadorrek Aho uhal lanaren birako azken datak aurkeztu ditu Ruben Ramos diseinatzaileak egindako kartel eder batekin. Bertako kontzertuak “bereziak eta bakarrak” izango direla iragarri du eta bertan hainbat gonbidatu izango ditu alboan. Guzti honetaz gain, Japonian zehar bira bat egiten ibiliko da Salvador abenduaren hasieran.

Zabaldu: