Bertso munduan egindako ageriko zein isilpeko lan handia eskertu nahi dizkio Bertsozale Elkarteak Muruari.
Iñaki Murua Jauregi (Gabiria, 1956) arduratuko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunari txapela jartzeaz. Finala abenduaren 18an izango da Iruñeko Nafarroa Arenan eta iluntzean igoko da oholtza gainera Murua. Hala erabaki du Bertsozale Elkarteak, “egin duen lan handiagatik esker ona erakusteko”, adierazi dute elkarteko kideek.
Bertsozaleren esanetan, “bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Iñaki. Bertsolari gisa 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta 1986koan eta 1989koan finalera iritsi zen. Finalista izan zen Gipuzkoako 1991ko eta 1995ko txapelketetan ere”.
Eragiletzan etengabeko lana egin duela ere nabarmendu dute: “Gabirian bertan hasi eta Euskal Herri osoan ere bai. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen”.
Lehendakari izan denean zein ez, Murua bertso munduan oso presente egon dela beti ere aipatu dute. “Gaur egun ere, figura oso garrantzitsua izaten jarraitzen du Bertsozale Elkartean. Maitasunetik eta zaintzatik aritzen da beti, eta bertso munduko gazte, heldu, boluntario, langile, zein gertuko guztiek estimu handian daukagu”.
Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan.