Soinu sorkuntza esperimentala eta bideodantza uztartzen dituen erakusketa paratu dute Iruñean

Ghislaine Veranok Ziudadelako Labean aurkeztu du Gorputzaren soinuak izeneko proiektua eta urtarrilaren 8ra arte bisitatu ahalko da.

Gorputzaren soinuak da Ziudadelako Labean urtarrilaren 8ra arte ikusgai egongo den proposamenaren izena. Ghislaine Veranoren sorkuntza da eta gorputzak sortzen dituen soinuak ardatz dituen ikus-entzunezko instalazio bat barne hartzen du, zeina proposamen performatibo baten bidez aktibatzen baita. “Meditazio-behaketa egiteko gune bat sortzen da, bideo-dantza eta soinu sorkuntza esperimentala barne hartzen dituena”, azaldu du Veranok.

Joan den ostiralean erakusketa ireki duen performancea egin zen, eta hortik aurrera dago erakusketa ikusgai Iruñean. Erritu gisa, bost interpretek mugimendu bilakatu zituzten gorputzaren zenbait soinu, espazioarekin jolastuz eta ikusleak beren ikuspuntua aldatzera gonbidatuz. Aktibazio performatiko gehiago egingo dira instalazioa Labean dagoen bitartean. Performancea gorrentzat egokituta dagoela ere nabarmendu dute antolatzaileek.

Proiektuaren sorkuntza eta garapen prozesuan parte hartu dute Xabier Erkizia soinu-ikertzaileak, Miguel Eraso bideo-sortzaileak, Kitti Arozena aktoreak, beste dantzari batzuk, hala nola, Asier Gonzalezek eta Harritxu de Atxak eta Ilazki Martirena jantzien arduradunak.

Behaketa eta arreta gunea

Sorkuntza hori Veranok urteetan zehar garatu duen zaintzaren eta errespetuaren inguruko proiektu baten ondorioa da, anplifikatu eta xehetasunez betetzen den mundu bati bide ematen dioten behaketa sakona eta arreta geldia lantzeko beharra sentitu baitu. Zentzumenetan jarri du behaketaren ardatza, eta kasu honetan, entzumenean, zentzu zabalago batean hartuta, jakinik soinuek eragina dutela hor daudela ez dakigunean ere. Zaintzarako eta isilunerako gunea da, eta horiek ez dira beti erosoak.

Instalazio performatiboan gorputzak modu automatikoan egiten dituen bost soinu aukeratu dira. Horietako bat automatikoa da eta kontrola daiteke, eta beste bat ez dute pertsona orok entzuten. Soinu-mailan, Gorputzaren soinuak instalazioan, beste mundu bat eta bi mikrokosmosen arteko harremana –giza gorputza eta hiri gorputza– sortzen duten egiazko soinuen anplifikazio bat erakusten da. Funtzionamendu ia berdinarekin, antzekoak bezain desberdinak diren soinuak sortzen dira, eta oso erraz erlazionatzen direnak.

Maila fisikoan, soinuen anplifikatze horrekin gorputzari zer gertatzen zaion aurkitzea izan da ikerketaren ardatza. Horretarako, ikasi gabeko mugimenduak eta formula koreografikoak bilatu dira, dantzariengandik gorputz estereotipatu hori erauzi eta zerbait benetakoagoa eskaintzeko asmoz.

Zabaldu: