Bi urtetik behin Elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Ines Osinaga (Arrasate, 1982) musikariak jasoko du aurten, eta urte beteko epea izango du bere sormen lana egiteko: disko bat.
Elkar Fundazioko lehendakari Joxemari Sors-ek azaldu duenez, 2016an jarri zen Joseba Jaka beka berriro martxan, eta orduan erabaki zen sormen beka izatea eta deialdi bakoitzean erabakitzea zein kultur adierazpidetarako sormena lagunduko den. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da.
Joana Barbierek, Sara Zozaya Apalategik eta Jon Eskisabel Urtuzagak osatutako epaimahaiak aukeratu du Ines Osinaga musikariren Itsasoa da bide bakarra proiektua, aurkeztu diren 18 lanen artean. Osinagak 10.000 euroko beka jasoko du urte betean lana egin dezan, epaimahaiaren eta editoreen laguntzarekin.
Epaimahaiaren arabera, Osingarena “proiektu bizia” da, “aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena. Oso kontuan hartzeko ezaugarria iruditzen zaigu beka baten formatua duen diru-laguntza ematerakoan”.
Halaber, “proiektu anbiziotsua eta artistikoki interesgarria” iruditu zaie epaimahaikideei. “Batetik, duela zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak”.
Disko bat egitetik haragoko proiektua dela diote, “Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, oso garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira. Azkenik, proiektuaren atzean dagoen musikariaren esperientzia eta maila artistiko egiaztatua”.
Osinagak sariak sormen prozesuan sekulako bultzada emango diola azpimarratu du, “sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuk uste dute bapateko kontua izaten dela eta ez da hala. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emaitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Zentzu horretan, beka honek ematen didan aitortza oso garrantzitsua da niretzat”.Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu da, duela gutxi Habanan izandako egonaldian. Honek emakume musikari asko eta oso interesgarriak ezagutzeko aukera eman diola aipatu du musikariak, eta bertatik jasotzen ari den kolaborazio eta bertsioekin osatzen joango da lana.
Beka lortu duen proiektuak hiru zati dituela aurreratu du: “lehena, ikerketa eta sormen lanerako izango da; bigarrena, materiala lantzeko erabiliko dut, eta honen ondoren diskoaren A eta B aldeak aterako dira”.Bukatzeko, Osinagak eskerrak eman dizkio Elkar Fundazioari, Joseba Jaka beka sortzeagatik, eta baita Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategik eta Jon Eskisabel Urtuzagak osatutako epaimahaiari ere, bere lana aukeratzeagatik. Bere agerraldia “Sormena da bide bakarra” hitzekin amaitu du.
Ohikoa den moduan, beka ematea maiatzean Elkar Sariak banatzeko ekitaldiaren barruan egingo da.