(argazkia: Iruñeko Udala)

Iñigo Satrustegik eta Arantzazu Lizartzak jaso dituzte Egile Berrientzako Euskarazko Literatura Lehiaketaren sariak Iruñean

Lehiaketaren edizio honetara 21 lan aurkeztu dira, iaz baino hiru gehiago. Horietarik, hamabi poesia modalitatekoak izan dira eta bederatzi narrazio laburrekoak.

Iñigo Satrustegi Andresen Oheak gordetzen duena narrazio laburren kategorian eta Arantzazu Lizartza Saizarren Ez-lekuak poesia-kategorian izan dira Iruñeko Udalak antolatu duen egile berrientzako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketaren irabazleak. Aurten 21 lan aurkeztu dira sariketara, aurreko urtean baino hiru gehiago.

Epaimahaiaren arabera, Oheak gordetzen duena lanean Satrustegik “heldutasunez heltzen die familia baten bizipenei. Zaintzak, familia-sekretuak, ezkutuko gatazkak eta miseriak erakusten ditu, tramaren erritmoari eutsiz eta maila handiko lana sortuz”.

Lizartzaren Ez-lekuak poema-bilduma, berriz, “trinkoa” dela dio epaimahaiak, “batasun eta barne-koherentzia handikoa”. Egileak “gaurkotasuna eta egunerokotasuna erakusten ditu oreka eta desorekaren arteko pultsua agerikoa den indar handiko poemen bidez. Azken finean, maila handiko lana da edukiari eta estiloari dagokionez”.

Bi lan horiek Iruñeko Kondestablearen jauregian jaso dituzte egile berrientzako euskarazko lehiaketako bi modalitateetako sariak. Bakoitzak 2.500 euro jaso ditu, eta lanak Iruñeko Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dira, saritutako gainerako lanekin batera.

Epaimahaia abenduan bildu zen eta Castillo Suarez Garcia filologo, idazle eta euskaltzainak eta Beatriz Chivite Ezkieta eta Nerea Balda Sanjuan filologo eta idazleek osatu zuten. Epaimahaiburua Clara Garcia-Valiño Abos izan zen, orduko Kulturako zinegotzi ordezkaria.

Saritutako beste bost lan

Narrazio laburren kategorian, epaimahaiak bi lan gehiago saritu zituen. Bigarren saria 1.000 eurokoa izan zen, eta Idoia Granizo Uribarrenaren Gure esku balego bezala lanarentzat izan zen. Bestalde, narrazio laburren hirugarren sariko 500 euroak Ipar Alkain Cazabonek eskuratu zituen Debekatuta dago belarretan jatea lanagatik.

Diru kopuru bera jaso zuen poesia-kategoriako bigarren sariak, Rakel Pardo Perezen Izatearen negelak poema-liburuak, bai eta hirugarren saria lortu zuen Sonia Ortiz de Arri Garceok Bidasoa lanagatik. Azkenik, narrazio laburren kategoriako irabazleak berak, Iñigo Satrustegi Andresek, aipamen berezia lortu zuen poesiaren kategorian, 250 euro, Ebakidura ariketak lanagatik.

Zabaldu: