Burlatako idazle, argazkilari eta itzultzailea Hendaiako Nekatoenea etxean egongo da 2023ko urriaren 9tik azaroaren 2ra, eta Pasaiako Hugoenean azaroaren 7tik 30era. Bi egonaldi hauen bitartean, topaketak antolatuko dira, Iosuneren lana deskubritzeko parada eskaintzeko.
Hamahirugarren aldiz, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, euskal literatura sorkuntza sostengatu nahi da eta irabazleari argitaratuko den idazketa lan batentzat behar dituen ahalak eskaini leku abantailatu batean.
Aurtengo egonaldiarentzat Iosune de Goñi Garcia (Burlata, 1993) hautatu dute, idazlea, argazkilaria eta itzultzailea da nafarra, eta baita feminista eta kapazitismoaren aurkako aktibista ere. Filosofiako Gradua amaitu ondoren, Bartzelonan Literatura, Artea eta Pentsamenduari buruzko Ikasketa konparatuen gradu-ondokoa egin zuen. Hilda Doolittle idazleari buruzko tesia egiten hasi bazen ere, osasun arrazoiengatik utzi behar izan zuen. 2021ean Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia saria irabazi zuen Gorputz baten aztarnak elurretan poema bildumarekin. Iruñeko Udalaren Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan ere lehen saria ukan zuen Itzalak uraren azpian lanarekin. Egun itzultzaile gisa egiten du lan.
Iosune de Goñi Hendaiako Nekatoenea etxean egongo da 2023ko urriaren 9tik azaroaren 2ra, eta Pasaiako Hugoenean azaroaren 7tik 30era. Bi egonaldi hauen bitartean, topaketak antolatuko dira, Iosuneren lana deskubritzeko parada eskaintzeko.