Ipar-hegoa Trukaldia antolatu dute Nafarroan, euskal ikasleen harreman-sarea ehuntzen laguntzeko asmoz

Euskal Herriko zazpi ikastolatako ikasleak elkarrekin arituko dira sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan.

Gaur hasi eta ostiralera arte, ikasturte amaierako ohiko ikasbidaiaren ordez, Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikaskideekin trukaldia egingo dute zazpi ikastolatako ikasleek, Nafarroako erdialdeko Allo herrian, Ikastolen Tahona Aterpetxean.

Gernikako Seber Altube ikastola, Altsasuko Iñigo Aritza ikastola, Sarako Olhain ikastola, Elorrioko Txintxirri ikastola, Tuterako Argia ikastola, Sohütako Eperra ikastola eta Uztaritzeko Louis Dassance ikastolako ikasleak izango dira Ipar-hegoa Trukaldian parte hartuko duten ikastolak. Bi txandatan hartuko dute parte: lehena gaurtik asteazkenera, eta, bigarrena, asteazkenetik ostiralera. Ikastolen Elkarteko Zirimola Aisialdi Taldeak antolatu du ekimena, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza jaso du, erakunde honek kooperaziorako eta elkarlanerako eman eta eskaintzen duen aukeraren bitartez.

Ikastolek Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, “euskara da euskaldun egiten gaituena. Euskal Herriko txoko ezberdinetako ikasleen topagune izan nahi du Trukaldiak. Herri bakoitzeko euskalki, ohitura, kultur adierazpen eta sormenaren kokaleku”.

Hala, askotariko bizipenen bidez, Euskal Herriko aniztasunaz jabetzea eta euskal kulturaren harrobia aberastasunez elikatzea izango da xede nagusia. “Ikastola bakoitzak bere baitan antolatzen duen ikasbidaia izatetik, euskal ikasleen harreman-sarea ehuntzen lagunduko duen egitasmoa izatera igaro nahi da”.

Horretarako, Nafarroako bihotzean eta Allo-ko herrian kokatzen den Tahona Ikastolen Aterpetxean egingo den egonaldiak sormenean, ekintza-ludikoetan eta balio hezitzaileetan oinarritutako elkarbizitzan jarriko du fokua.

Antolatzaileen esanetan, “naturaz, gastronomiaz, jolasaz, jokoaz, musikaz, arteaz eta kantuaz gozatzeko aukera paregabeak eskainiko dizkigu, Euskal Herria nazio gisa sentitzera eramango gaituena, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua piztuko duena”.

Zabaldu: