Iparra galdu gabe festibala egingo dute maiatzaren 16tik 23ra, Getxon

Hirurak maisuak! Biba zuek! lelopean, bederatzigarren edizio honetan Iparraldeko hiru kulturgile handiri, Xalbador bertsolariari, Mixel Labeguerie abeslariari eta Mattin bertsolari eta idazleari, omenaldia eskainiko zaie, adin guztientzako hainbat ekitaldiren bitartez.

Euskal kultur Erakundeak Getxoko hainbat eragilerekin elkarlanean, Iparra galdu gabe diziplina anitzeko festibala antolatu du Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat artistaren partehartzearekin.

Duela bi hamarkada jarri zuten martxan egitasmoa eta Iparraldeko ekoizpen artistikoen eta artisten zirkulazioa erraztea eta sustatzea ditu helburu. Johañe Etchebeste EKEko zuzendari berriak adierazi duenez, beste behin ere Getxora hurbilduko da Iparraldeko kultura, duela 20 urte, Pantxoa Etchegoienen eskutik hasitako ibilbideari jarraipena emateko. “Guretzat oso garrantzitsua da harremanak mantendu ahal izatea, are gehiago bizi dugun egoera zail honetan. Beste behin ere gure musika, literatura eta izaera eramango ditugu Getxora, denon artean gozatu ahal izateko”, azpimarratu du Etchebestek.

Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, hasiera batean 2020ko azaroan zehar iragan behar zen festibalaren programazio gehiena atzeratu behar izan zen. Noraezean, argazki-misioa euskal paisaietatik barna erakusketa izan zen gauzatu ahal izan zen ekimen bakarra.

Osasun baldintzak gaur egun hobeak direlakoan, Iparra galdu gabe festibala datorren maiatzaren 16tik 23ra egingo da. Hirurak maisuak! Biba zuek! lelopean, oraingoan Iparraldeko hiru kulturgile handiri, Xalbador bertsolariari, Mixel Labeguerie abeslariari eta Mattin bertsolari eta idazleari, omenaldia eskainiko zaie, adin guztientzako hainbat ekitaldiren bitartez. GuraShow, Aire ahizpak eta Erramun Martikorena igoko dira oholtzara, besteak beste.

Iaz Philippe de Ezkurra akordeoi jotzaileak eta Thierry Biscary kantariak masterclass bat eskaini zuten Getxoko Andres Isasi Musika Eskolako ikasleekin. Orain, Iparraldeko kantu tradizionalez eta egungo musikaz osatutako errepertorioarekin, Musika Eskolako gazteek, bi musikariekin batera, kontzertu bat eskainiko dute maiatzaren 21ean, Muxikebarrin.

Egitaraua ikusteko, hemen.

 

Zabaldu: