25. edizio honek lau kontzertu eskainiko ditu, denak arratsaldeko 19:00etan KMK-ko Areto Nagusian, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa Komentuan izango dira. Emanaldi guztiak zuzenean ikusgai izango dira Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean.
Otsailaren 3an, asteartea, abiatuko da Iparraldea Bertan zikloaren 25. edizioa. Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zubiak eraikitzea, mugak ezabatzea eta Iparraldeko kultura bizia hegoaldean ezagutzera ematea dira jardunaldi hauen helburu nagusiak. Edizio honetan, lau kontzertu izango dira euskaraz.
Lehenengo egunean, Otsailaren 3a, Jurgi Ekizak Argitzala disko berria taula gainean aurkeztuko du. Musikari lapurtarra bakar bakarrik izango da agertokian, kantu batzuk modu intimista eta gordin batean emanez, eta beste batzuk, berriz, modu apainduago batean proposatuz. “Aukera berezia izango da, beraz, disko berria zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko ere. Galdu behar ez den kontzertu bat”, adierazi du EKEk.
Otsailaren 10an izango da hurrengo hitzordua Habia laukotearen eskutik. Habia ahots eta musika tresna taldea da. “Sorkuntza espazio bat bezala kontsideratzen dugu kulturan murgilduak diren musikari gazteentzat”, azaldu dute antolatzaileek.
Otsailaren 17an izango du jarraipena zikloak Hor Hor talde zuberotarraren kontzertuarekin. “Gure hitzak kanta, berriz kanta… Itxaro Borda, Francis Jammes, Joxean Artze, Manex Lanatua, Jean Giono eta hatsa hartzeko ezinbestekoak zaizkigun beste poeten idatzi ederretatik abiatuz, gure Xibero xokoko soinu laborategian ondutako kantu bitxiak eskaintzen ditugu. Ühaitz eta txorien kantuari nahastekoak, lau haizetara eramaitekoak, hizkuntzen intimitatean, ahots soilez baita artetarik kontrabaxuz eta teklatuz lagundurik ere”, kontatu du taldeak.
Aurtengo edizioari amaiera emateko, otsailaren 24an Okzitaniera eta euskara ahotsez ahots ariko dira Elimberriren eskutik. Primaël Montgauzin eta Pantxix Bidart kantautoreek osatzen dute bikoa. Bi herrien eta lengoaien historia latza oroitaraziko dute kantaldian.