‘Iparraldea Bertan’ zikloaren bidez, Ipar Euskal Herriko artistak Donostian izango dira martxoan

21. edizioa martxoaren 1tik 22ra egingo da Koldo Mitxelena Kulturunean. Jarduera guztiak zuzenean ikusgai egongo dira online.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean zubiak eraikitzea, mugak ezabatzea eta Iparraldeko kultura bizia hegoaldean ezagutzera ematea dira Iparraldea Bertan jardunaldien helburu nagusiak. “Muga fisikorik ez izan arren, muga psikologikoek iparraldearen eta hegoaldearen artean jarraitzen dute. Ondorioz, jendearekiko hartu-emanak eta kultura eragileekiko esperientzia artistikoak ezinbestekoak dira hedapen horretarako”, adierazi du Euskal Kultur Erakundeak, bera da hain zuzen ere, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean, jardunaldi hauek urtero antolatzen dituena.

Hala, aurten ere, nahiz eta osasun krisia izan, Ipar Euskal Herriko artistak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian arituko dira martxoko astearte arratsaldeetan, 19:00etan.

Egitaraua

  • Martxoaren 1ean: Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren aurkezpena kari, Colette Larraburuk hitzaldi kantatua eskainiko du Peio eta Pantxoa, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Patxika Erramouspé eta Gexan Alfaro abeslarien parte hartzearekin.
  • Martxoaren 8an: Lumi bikotearen kontzertua.
  • Martxoaren 15ean: Etxetaburu taldearen kontzertua Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Hirigoyenekin.
  • Martxoaren 22an: Eleketa programaren aurkezpena eta Oskar Alegriaren Erleketa filmaren proiekzioa.
  • Martxoaren 1etik 25era: Erakusketa (Liburutegiko 1. solairuan) Colette Larrabururen Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren haritik
    1970eko hamarkadan, Ipar Euskal Herriko emakume eta gizon abeslari batzuek euskal kantua herritartasun eskubiderik gabeko guneetan sartu zuten. Bereziki Hego Euskal Herrian, frankismoaren berunezko txapa jasaten zuten lekuetan. Hainbat argazki, kartel, disko, irudi eta oroitzapen dokumentu gertakari haren eragileen eskuetatik bildurik, erakusketa honek garai hartako giroa ezagutzeko eta ulertzeko aukera emango du.

Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute antolatu diren jarduera guztiak sarean jarraitu ahal izango direla hemen klikatuz.

Informazio guztia, hemen.

Zabaldu: